Gizartea
Gipuzkoa
Haur txiki bat hil da Astigarragan, hirugarren pisu batetik erorita
EITB MEDIA
Ertzaintzak jakinarazi duenez, ezbeharra Arrobitxulo auzoan izan da, urtebete eta erdiko umetxoa patio batera ematen duen leiho batetik jausi denean.
-
Ertzaintzako agenteak, geratera izan den auzoan
Urtebete eta erdiko haur bat hil da gaur, asteazkena, Astigarragako (Gipuzkoa) Arrobitxulo auzoan, hirugarren solairu batetik erorita, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
Gertaera arratsaldeko lehen orduan izan da, 14:40 aldera, eraikineko patio batera ematen duen leihotik jausi denean.
Lehen datuen arabera, zorigaiztoko ezbeharra izan da gertatutakoa. Dena dela, Ertzaintzak ikerketa abiatu du. Antza, haurtxoa logelako leihora igo eta amildu egin da.
Ertzaintza, Udaltzaingoa eta osasun langileak bertaratu dira istripuaren tokira. Gorpua 17:00etan eraman dute Auzitegi Medikuntzako Institutura.
Astigarrako Udalak babesa eta laguntza eskaini dizkio familiari. Xabier Urdangarin alkateak jakinarazi duenez, gurasoak laguntza psikologikoa jasotzen ari dira gertaturikoari aurre egin ahal izateko.
Etxebizitza berriak dira nagusi Arrobitxulo auzoan, eta familia asko bizi dira bertan.