Gizartea
PISA TXOSTENA
Maila akademikoak atzera egin du mundu osoan, baita EAEn eta Nafarroan ere, pandemiaren ondorioz
EITB MEDIA
Ia herrialde eta autonomia-erkidego guztiek egin dute atzera Pisa txostenak neurtutako adierazle gehienetan. Okerragotze hori pandemiaren ondorioei egotzi diete, neurri handi batean, txostenaren arduradunek.
-
Ikasleak, azterketa batean. Argazkia: EITB Media
2022ko Pisa txostenaren arabera, autonomia-erkidego eta munduko herrialde ia guztietan puntuazioek behera egin dute, Japonian eta Korean izan ezik. Jaitsiera orokorra pandemiaren ondorioei egotzi diete txostenaren arduradunek. Euskadi eta Nafarroako datuek ere okerrera egin dute, 2018ko adierazleekin alderatuz.
Aurten, Pisa txostenak gaitasun matematikoa izan du ardatz, baina zientziei eta irakurmenari buruzko ebaluazioak ere jaso ditu. Txosten honetan, 15 urteko ikasleek hartu dute parte. EAEren kasuan, 96 ikastetxe ezberdinetako 3.350 ikasle dira.
Gaitasun matematikoei dagokienez, azterketak erakusten du puntuazioak behera egin duela, oro har, ia autonomia-erkidego guztietan, baita munduko ia herrialde guztietan ere. Zehazki, Euskadik 482 puntu lortu ditu arlo horretan. 2018ko txostenean baino 17 puntu gutxiago dira, baina EAEk ELGAren (472), EBren (474) eta Espainiaren (473) batez bestekoaren gainetik jarraitzen du.
Zehazki, bederatzigarren autonomia-erkidegoa da zerrendan. Hala, EAEk eta Nafarroak Herbehereak, Finlandia, Danimarka, Belgika, Alemania, Suedia edo Frantziaren antzeko balioetan jarraitzen dute, eta Errioxa, Galizia edo Aragoiren pare. Nabarmendu behar da ia herrialde guztiek egin dutela behera gaitasun matematikoan, eta jaitsiera hori, batez ere, munduan bizi izandako pandemiaren osteko egoerari egotzi dio PISA txostenak.
Pisa Txostena 2022
Irakurketa-ulermenari dagokionez, Euskadik 466 puntu lortu ditu PISA txostenean (2018ko txostenean baino 9 gutxiago). Hemen, EAE ELGAren batez bestekoa (476) baino hamar puntu beherago dago, eta Espainia (474) eta EB (475) baino zortzi eta bederatzi puntu azpitik. Hezkuntza Sailak azaldu duenez, puntuen arteko aldea egon arren, ez da "estatistikoki esanguratsua" EBrekiko eta Espainiarekiko, baina bai ELGErekiko konparazioan. Batez besteko errendimenduari dagokionez, Euskadi Herbehereak, Portugal, Norvegia, Israel, Frantzia edo Esloveniaren pare dago.
Pisa Txostena 2022
Azkenik, gaitasun zientifikoari dagokionez, Euskadi ELGAren (485), Europar Batasunaren (484) eta Espainiaren (485) datuetatik gertu dago. Guztira, EAEk 480 puntu lortu ditu, duela lau urte baino zazpi gutxiago.
Pisa Txostena 2022