Gizartea
EPAIKETA
Santi Coca kasuko epaimahaikideak deliberatzen ari dira
AGENTZIAK | EITB Media
Herri epaimahaiko kideek 71 galderako galdetegi bat erantzun beharko dute, akusatuen aulkian eseri diren lau gazteak errudun jotzen dituzten ala ez erabakitzeko.
-
Santi Cocaren heriotza argitzeko epaiketa, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Argazkia: EFE
Santi Coca auziko herri epaimahaiak esku artean du dagoeneko galdesorta eta kideak eztabaidatzen ari dira, epaitu dituzten lau gazteak errudun jotzen dituzten ala ez erabakitzeko.
2019ko apirilaren 28an hil zen adingabea Donostia Ospitalean, hiriko diskoteka baten kanpoaldean jipoia jaso eta bi egunera.
Atzo, epaimahaiko hamar kideek (bederatzi titular eta ordezko bat) 71 galderako galdetegi bat jaso zuten eta geroztik epaiaren inguruan deliberatzen ari dira.
EFE albiste agentziak eskuratu ahal izan duen informazioaren arabera, galdesortak lau zati ditu. Lehenengoan, egitate nagusien inguruko galderei erantzun beharko diete; bigarrengoan, defentsek planteatutako hainbat gairen inguruko iritzia eman beharko dute; hirugarrengoan, akusatuak errudun edo errugabe diren ebatzi beharko dute, eta, azkenik, laugarrengoan, akusatuak errudun direla erabakiz gero beste hainbat kontu zehaztuko dituzte.
71 galdera badira ere, epaimahaiko kideek ez dituzte guztiak erantzun behar, horietako batzuk aurrekoak frogatutzat emanez gero bakarrik erantzun behar direlako.
Akusatuak zigortzeko aldeko zazpi boto behar dira eta absolbitzeko, berriz, nahikoa da bostekin.
Fiskalak, akusazio partikularrak (Santi Cocaren familia) eta herri-akusazioak (Donostiako Udala) 15 urteko kartzela-zigorra eskatu dute akusatuetako bakoitzarentzat.
Bosgarren auzipetu bat aske geratu zen epaiketan, haren kontrako akusazio guztiak atzera bota ostean, lekukoek ez ziotelako ezer leporatu. Seigarren inputatu bat, "aljeriarra", berriz, justiziatik ihes eginda dago.
Akusazioek homizidio-delitu baten egilekidetzat jo ditu "behin-behineko doloagatik", eta nagusitasun larrigarria leporatu die lau auzipetuei. Halaber, bi lesio delitu ere leporatu dizkie Santi Cocaren anaiari eta lagun bati jotzeagatik.
Defentsa abokatuek, ostera, absoluzioa eskatzen dute.