Gizartea
Hezkuntza
Eusko Jaurlaritzak hiru milioi euro gehiago bideratuko ditu eskola-jantokietako menuak hobetzeko
agentziak | eitb media
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek diote egoera "jasanezina" dela. Hezkuntza Sailak 65.000 euroko isuna jarri dio Durana, Murgia eta Hernaniko zentroetan zerbitzua eskaintzen duen Serunion enpresari.
-
Bildarratz, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: Efe
Eusko Jaurlaritzak beste hiru milioi euro bideratuko ditu datorren urtean eskola-jantokietako zerbitzua hobetzeko eta azkenaldian atzeman diren "gertakari eta arazoak" konpontzeko. Hezkuntza Sailak jada 65.000 euroko isuna jarri dio Durana, Murgia eta Hernaniko zentroetan zerbitzua eskaintzen duen Serunion enpresari, azkenaldian arazo iturri izan ondoren.
Gaur eman du neurri horren berri Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Eusko Legebiltzarreko osoko-bilkuran, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk horren inguruan galdetu ostean.
Itxaso Etxebarria EH Bilduren legebiltzarkideak salatu du eskola-jantokien egoera "jasanezina" dela, eta hori Hezkuntza Sailaren "ardura" dela.
Sailburuak aitortu du "gertakariak eta arazoak" atzeman dituztela "hornitzaile batzuen zerbitzuan", Serunioni erreferentzia eginez. Eusko Jaurlaritzak kontratua eten nahi dio enpresa horri Durana, Murgia eta Hernaniko eskoletan gorabeherak izan ondoren.
Bildarratzek azpimarratu duenez, "kasu horiek ezin dute zalantzan jarri eredu osoa", eta Hezkuntza Saila "hornitzaileekin adostutako baldintzak goitik behera betetzeko" eskatzen ari dela.