Itxi

Gizartea

Trafikoa

Hiru lagun zauritu eta ilara luzeak sortu dira Txorierriko igarobidean eta Iurretan izan diren bi istriputan

EITB MEDIA

N-634 eta N-637 errepideak itxita egon dira goizean, bi istripuren ondotik.

Autoa gidatzen zihoan pertsona bat zauritu da Txorierriko igarobidean, Derio parean, goizean izan den trafiko istripuan, kamioi baten aurka talka eginda. Ondorioz, auto ilara luzeak sortu dira N-637an, hasiera batean erabat itxi baitute errepidea.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 10:00etan gertatu da ezbeharra, Donostiarako noranzkoan, eta zauritutako gizona Gurutzetako ospitalera eraman dute.

Istripua jazo eta minutu gutxira, erreietako bat ireki dute, oraindik garbiketa lanak egiten aritu badira ere. Izan ere, gasoila zabaldu da errepidean, istripuaren ondotik.

Bi autok aurrez aurre jo dute Iurretan

Bestalde, N-634 errepidea itxi dute Iurretan, bi autok aurrez aurre talka egin ostean. Bi pertsona zauritu dira. Horietako bat Gurutzetako ospitalera eraman dute, eta bestea Galdakaoko erietxera.