Itxi

Gizartea

IPARRALDEKO IKASTOLEN JAIA

2024ko Herri Urrats "Ortzadarra" lelopean egingo da maiatzaren 12an

EITB Media

Neomak taldeak egingo du aurtengo abestia. Lehen aldiz, maketa lehiaketa egingo dute eta irabazleak Iparraldeko ikastolen aldeko jaian joko du. Halaber, bildutako dirua Beskoitzeko ikastola berria eraikitzeko izango da.

  • 2024ko Herri Urrats "Ortzadarra" lelopean egingo da maiatzaren 12an

    2024ko Herri Urrats jaiaren aurkezpena. Argazkia: @Iparralde_orena

Iazko euriteen eta uholdeen ondotik, "Ortzadarra" lelopean egingo da 2024ko Herri Urrats (Iparraldeko ikastolen aldeko jaia), maiatzaren 12an Senpereko lakuan. Neomak taldeak egingo du aurtengo abestia eta bildutako dirua Beskoitzeko ikastola berria eraikitzeko izango da. Horrez gain, lehen aldiz, maketa lehiaketa antolatuko dute.

Herri Urrats 2024 aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Baionan, eta hitzordua baliatu dute iaz jasotako "elkartasun uholdea" eskertzeko. Azaldu dutenez, ohiko Herri Urrats batean baino diru dezente gehiago bildu baitzuten. Uholdeen ondorioz, jaia Araba eremura mugatu eta programazioa murriztu behar izan zituzten.

Neomak taldeak egingo duen abestia martxoan aurkeztuko dute.

Aurten, lehendabizikoz, maketa lehiaketa bat egingo dute eta irabazleak Herri Urratsen joko du. Parte-hartzeko epea abenduaren 3an amaituko da.

Beskoitzeko ikastolari lotuta, iragarri dute Jean-Rene Etchegarayk herriko etxearekin bitartekari lanak egingo dituela egitasmoa aurrera eraman ahal izateko. Izan ere, udala eraikuntza baimena eskuratzeko trabak jartzen ari da. Hain zuzen ere, Beskoitzeko ikastolarentzat izango da 2024ko Iparraldeko ikastolen aldeko jaian bildutako dirua.

Halaber, Senpereko kolegioaren harira ere tira birak izaten ari direla azpimarratu dute, Prefetak, Frantziako Gobernuko ordezkariak, Seaska lurrak erostera behartu nahi baitu. Iazko jaia Senpereko kolegioa finantzatzeko izan zen.