Itxi

Gizartea

NAFARROA

Atarrabiako diskoteka bateko atezaina koma egoeran, bitartekari lanak egiten ari zela ukabilkada jasota

AGENTZIAK | EITB Media

Foruzaingoak bi pertsona atxilotu ditu erasoarekin lotura dutelakoan.

Nafarroan, Atarrabiako Dali diskotekako atezain bat koma egoeran ospitaleratuta dago, igande goizaldean dantzalekuaren kanpoaldean jasotako erasoaren ondorioz. Foruzaingoa bi pertsona atxilotu ditu gertaerarekin lotura dutelakoan.

Erasoa igande goizaldean, 04:50ak aldera, gertatu zen Atarrabiako diskoteka horren kanpoaldean, Foruzaingoak EFE albiste agentziari jakinarazi dionez.

Itxuraz, borrokan ari zen talde batengana gerturatu eta bitartekari lanak egiten ahalegindu zenean kolpe bat eman zioten. Horren ondorioz, Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten, larri.

Iturri horren arabera, bi pertsona atxilotu dituzte, horietako bati lesio delituak leporatzen dizkiote, eta, bigarrenari, erresistentzia eta desobedientzia delituak.

Ez da gaueko aisialdiari lotuta asteburuan gertatu den eraso bakarra izan. Bilbon gazte bat larri zauritu da dantzaleku baten kanpoaldean izandako borroka jendetsu batean.