Gizartea
A25
Indarkeria matxistarik gabe bizi ahal izatea eskatu du euskal jendarteak
EITB Media
Mugimendu Feministak milaka pertsona bildu ditu euskal geografian zehar egun osoan zehar egin diren manifestazio eta mobilizazioetan, indarkeria matxista "Giza Eskubideen urraketarik zabalduena" izaten jarraitzen duela salatzeko.
-
Bilboko manifestazioa. EFE.
Feminismoak kaleak hartu ditu larunbat honetan, azaroaren 25ean, indarkeria matxistari "aski da!" esateko. Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrazteko Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta, urtero bezala, manifestazioak eta mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herrian. Goizean izan dira Donostiakoa eta Gasteizkoa, eta arratsaldean Baionakoa, Bilbokoa eta Iruñekoa, baina herri eta auzo askotan ere egin dituzte mobilizazioak eta manifestazioak.
Donostian, ehunka lagun bildu dira gaur eguerdian, emakumez bakarrik osatutako batukada talde baten musikak lagunduta, Boulevardetik abiatu den martxa batean. Antolatzaileek aldarrikapen feministez egiten duten erabilera eta "zuriketa morea" salatu dituzte. "Nazkatuta gaude gure diskurtsoaz jabetzeaz eta hitz politez apaintzeaz, azaleko proposamenak egiteaz eta ezertarako balio ez duten argazki instituzionalak ateratzeaz", esan du Euskal Herriko Mugimendu Feministako bozeramaile batek protestaren amaieran.
Euskal Herriko Mugimendu Feministako ordezkariek, gainera, "adineko emakumeen errealitate ikusezina" nabarmendu dute, eta salatu dute emakume horiek "adinekoak izateagatik indarkeria jasatea" onartzen dela, "indarkeria horren izaera matxistari entzungor eginez".
Manifestazioan izan dira Donostiako Udaleko EAJko zinegotzi Nekane Arzallus eta Marije Idoeta, bai eta Joseba Agirretxea diputatu jeltzalea ere. Podemos Euskadiko buru Pilar Garrido eta EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaile Mertxe Aizpurua ere izan dira manifestazioan.
Juan Karlos Izagirre koalizio independentistako kide eta Donostiako Udaleko bozeramailea, Nora Garcia Gipuzkoako batzarkidea, Nerea Kortajarena legebiltzarkidea eta Arantza Gonzalez Ezker Batua-IUko zinegotzia ere egon dira bertan.
Gasteizen, ehunka emakume atera dira kalera, mugimendu feministak deituta, emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko, eta elkartasuna adierazi diete, bereziki, emakume palestinarrei, etxeko langileei eta zaintza-sektoreko langileei eta adinekoei. Manifestazioak Arabako hiriburuko erdiguneko hainbat kale zeharkatu ditu San Anton plazaren eta Florida parkearen artean, "Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak!" leloa zeraman pankarta buruan zuela.
Manifestuan, Israelek Palestinako herriaren aurka egindako "genozidioa" salatu eta "eraildako" milaka emakume palestinarrak gogoratu ditu mugimendu feministak.
Halaber, indarkeria matxista pairatu duten edo pairatzen duten adineko emakumeekiko sentsibilizazio handiagoa eskatu du, "gizartearen isiltasunaren aurrean", horien arabera, kasu asko eta asko "ezkutuan" gelditzen baitira.
Mugimendu feministak "lan-esplotazioa eta indarkeria ekonomiko eta arrazistak" pairatzen dituzten etxeko langileen eta zainketen sektoreko langileen aldeko hitzak ere izan ditu.
Martxa abiatu aurretik, Arabako Foru Aldundiko eta Batzar Nagusietan ordezkatuta dauden talde guztietako ordezkariek (Voxekoak ez beste taldeetakoak) kontzentrazio isila egin dute Probintzia plazan, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eskatzeko.
Baionan, "emakumeen aurkako bortizkeriei aurre egiteko politika publikoen eskasia" salatu dute gaur arratsaldean egindako manifestazioan, eta protesta hori "elkartasun, erresistentzia eta aldarrikapenerako espazioa" dela adierazi dute.
Halaber, Baionako Ospitaleko Biktimologia Zerbitzuak ere egun osorako egitaraua antolatu du gaurko. Duela lau urte sortu zuten, eta 350 emakume artatu zituen lehen urtean, 700 bigarrenean, eta 1.000tik gora artatu dituzte 2023an. Horien artean, gero eta nerabe eta gazte gehiago daudela azpimarratu dute.
Baionako manifestazioa, gaur. EITB Media.
Iruñean, milaka lagunek hartu dute parte larunbat arratsaldean mugimendu feministak deitutako manifestazioan. Protesta 18:00ak jota zirenean abiatu da Gazteluko plazatik, "Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak. Bizirik, libre eta antolatuta" leloa zeraman pankartaren atzetik.
Nafarroako Indarkeria Sexistaren aurkako Plataformako Amaia Zubietak komunikabideei egindako adierazpenetan adierazi duenez, emakumeen aurkako indarkeria "mundu mailako indarkeria da, eta egiturazko indarkeria da, modu desberdinetan, mundu osoan emakumeek emakume izateagatik jasaten dutena". "Gainera, sistema kapitalista, arrazista eta kolonialaren parte den indarkeria bat da, eta horri eusteko emakumeak menderatu behar ditu, eta gizonak dira indarkeria hori gauzatzeko beharrezko konplizeak", adierazi du.
Arratsaldeko manifestazioa hasi baino ordu batzuk lehenago, Foru Erkidegoko erakunde eta alderdi politikoetako ordezkariak Nafarroako Jauregiaren aurrean bildu dira. Bertan, Maria Chivite presidenteak azpimarratu du ezinbestekoa dela Gobernuak, erakundeek eta herritarrek elkarlanean jarraitzea gizarte parekide eta indarkeriarik gabekoa eraikitzeko.
Bilbon ere, milaka izan dira arratsaldean kalera atera direnak, emakumeak "libre" eta "indarkeria matxistarik gabe" bizi ahal izatea eskatzeko, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, Bilboko Kale Nagusia zeharkatu dute udaletxeraino, ikur feministak eta "Indarkeria matxistarik gabeko bizitza. Bizirik, libre eta antolatuak" leloa zituen pankartaren atzetik. Ibilbidean zehar, besteak beste, borroka feministaren aldeko leloak oihukatu dituzte.
Eneko Andueza PSE-EEko idazkariak bat egin du manifestazioarekin, alderdiko ordezkaritza batekin batera.
Amanda Verron Mugimendu Feministaren bozeramaileak komunikabideei egindako adierazpenetan nabarmendu duenez, indarkeria matxista "giza eskubideen urraketa garrantzitsuenetako bat da", eta "desagertu beharrean, areagotzen" ari dela salatu du.
"Egiturazko indarkeria bat da, beste fenomeno batzuekin gurutzatzen dena, hala nola klase sozialarekin, arrazarekin edo dibertsitate funtzionalarekin. Askatasunean, duintasunez eta prekarietaterik gabe bizitzeko dugun eskubidea aldarrikatzera etorri gara", esan du.
Egun bakarraz harago doan borroka
Ohi bezala, matxismoaren adierazpen krudelenaren kontrako aldarria ozen oihukatzeko eguna da gaurkoa, baina baita aliantza eta autodefentsa feminista aldarrikatzekoa ere. Aurten, gainera, greba feminista orokorraren atarian egin da mobilizazioa. A30eko lanuzte feministak zaintza kolektiboaren eskubidea aldarrikatuko du, orain arte "ikusezin, prekario eta feminizinatuta egon den zaintza"ren aurrean. Izan ere, feministek gogorarazi dutenez, "hori ere indarkeria da, egiturazko indarkeria".
A25a oso testuinguru zehatzean heldu da, epaileen eta Ertzaintzaren arteko polemika betean. Indarkeria matxistagatik zigortutako 19 urteko mutil batek pistola lapurtu omen zion ertzain bati, eta "sistemaren akats bat tarteko", aske geratu da aste honetan. Mutilaren eta armaren berririk ez dago, eta, bien bitartean, biktimari bizkartzaina jarri diote, arrisku bizian dagoelakoan.
Ez da, ordea, asteon izandako ika-mika bakarra. Donostiako ikastetxe batek jakinarazi duenez, ehunka nerabe eduki pornografikoz jositako WhatsAppeko talde batean sartu dituzte. Hain justu, pornografia indarkeria matxistaren "eskola bat" dela ohartarazteko kanpaina egin dute aurten EAEko erakundeek, A25aren harira.
Lau emakume erailak
2023 honetan, gizon matxistek lau emakume eta ume bat hil dituzte Euskal Herrian (Espainiako Estatuan, 52). Hilketok indarkeria matxistaren ondorio muturrenekoak dira, baina bortxa zenbaki horietatik harago doa. Euskal Autonomia Erkidegoan, Ertzaintzak indarkeria matxistaren 5.500 biktima babesten ditu, eta urtarriletik irailera, 4.979 salaketa aurkeztu dira txartu txarrengatik edota sexu erasoengatik. Nafarroan, 1.569 salaketa erregistratu dituzte epe berean.
Kopuru horiek, baina, izozmendiaren punta baino ez dira, kasu asko eta asko ez baitira salatzen. Horren aurrean, "dagokien ardura hartzeko" eskatu die Euskal Herriko Mugimendu Feministak erakundeei, politika feministak euren agendetan sar ditzaten, eta gizonei ere zuzendu zaie, "sistemaren konplize izateari uzteko" eskatuz.
Manifestazio jendetsuak Espainiako Estatuan
Milaka pertsona atera dira kalera gaur Espainiako Estatuan. Madrilen, Bartzelonan, Galizian, Valentzian, Gaztela eta Leonen eta Andaluzian, esate baterako, mobilizazio jendetsuak egin dira, eta mugimendu feministen deialdiari erantzun dieten milaka lagun bildu dituzte. Antolatzaile gehienak bat etorri dira aldarrikapenetan, eta nabarmendu dute beharrezkoa dela "indarkeria matxisten forma eta adierazpen desberdinei aurre egitea" eta matxismoa sostengatzen duen "sistema kapitalista, heteropatriarkala, arrazista eta koloniala suntsitzea, askatasunean, indarkeria matxistarik gabe eta bizitza duinak izango dituen gizartea eraikitzeko".