Itxi

Gizartea

Eguraldia

Eguraldiak argitzera eta hoztera egingo du asteburuan

EITB Media

Larunbata estalita esnatuko da eta ostarteak zabaltzen joango dira, hegoaldean batez ere. Igandean, giro eguzkitsua izango da eta tenperatura minimoak hotzak izango dira, barnealdean bereziki.

  • Udazkena Aretxebaletan. Iñaki Jauregi Bidaburu.

    Udazkena Aretxebaletan. Iñaki Jauregi Bidaburu.

Ostiraleko giro grisa eta tarteka umela atzean utzita, asteburuak aurrera egin ahala, giroa argitzen joango da, baita hozten ere. Larunbatetik iganderako gaua hotza izango da, barnealdean bereziki. 

Larunbatean, goizaldean eta goizean, zerua estalita egongo da eta euria eta zirimiri apur bat egingo du isurialde atlantikoko zenbait lekutan. Arratsaldean, ordea, atertu egingo du eta ostarteak zabaltzen hasiko dira pixkanaka. Isurialde mediterraneoan, giro eguzkitsua izango da eguerditik aurrera.

Ekialdeko eta ipar-ekialdeko haizea ibiliko da eta tenperatura maximoak 10 eta 14 ºC artean geldituko dira. Gauean, ostarteak zabalduko dira eta tenperaturek nabarmen egingo dute behera.

Hala, igande goizaldean, hotza izango da nagusi, eta baliteke barnealdeko zenbait lekutan izotza egitea, bereziki Araban eta Nafarroan. Gero, behe-lainoa jaso ostean, giro eguzkitsua izango dugu, baina zerua ez da erabat urdin ikusiko, erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak tartekatuko baitira. Goizean, ekialdeko haizea nagusituko da, eta hala tenperatura maximoak berdintsu mantenduko dira; arratsaldean, baina, kostaldean, ipar-mendebaldera egingo du, eta freskatu egingo du.