Gizartea
greba feminista orokorra
1.500 enpresa batzordek egin dute bat A30arekin, sindikatuek eta feministek egindako "lan titanikoa" tarteko
EITB Media
Sindikatu deitzaileek (ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGT) eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak agerraldia egin dute datorren hilaren 30erako deituta dagoen grebaren nondik norakoen berri emateko.
-
Ordezkari sindikalak eta Mugimendu Feministako kideak, agerraldian. Argazkia: @LABsindikatua
Hego Euskal Herriko 1.500 enpresa batzordek baino gehiagok atxikimendua adierazi diote gaur zortzirako, hilaren 30erako, zaintzarako eskubide kolektiboaren alde deituta dagoen greba feministari. Hala jakinarazi dute gaur zazpi sindikatu deitzaileek —ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGT— eta Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideek Bilbon eta Iruñean grebaren inguruko xehetasunak azaltzeko prentsaurreko banatan.
Euren hitzetan, "azken hilabeteetan lan titanikoa egin da auzo eta herrietan zein lantokietan", eta horri esker, ehunka greba batzorde sortu dira beste hainbeste udalerritan, eta bulego eta lantegietan ere hamaika izan dira egindako batzarrak.
Hori horrela, A30erako 100 mobilizaziotik gora daude deituta, eta lau manifestazio "masibo", arratsaldean, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Gainera, iluntzean beste 25 martxa ere izango direla adierazi dute. Deitzaileen aburuz, greba feminista orokorra "historikoa" izango da, "aurrekaririk gabekoa, eta azaroaren 30ean baino eragin handiagoa izango du gizartean eta politikan, eta jarraipena izango du datozen hilabeteetan".
Gogorarazi dutenez, "azaroaren 30erako deitutako greba feminista orokorra da, emakumeak zein gizonak deituta daude deialdira, zainketen krisiak pertsona guztiei eragiten baitie; guztiok behar dugu duintasunez zaindu eta zainduak izan bizitzan zehar". Horren ildoan, salatu dute zaintza lanak ezinbestekoak izan arren, beti egon direla "ezkutuan, gure etxeetan ikusezin", eta batez ere emakumeen esku.
Agerraldian irakurri duten adierazpen bateratuan salatu dute "ordaindutako zainketa lanak prekarizatuta" daudela, "zaintza zerbitzuen pribatizazioaren eta azpikontratazioaren ondorioz". Zehaztu dutenez, Hego Euskal Herriko egoitzen % 10 bakarrik kudeatzen da modu publikoan. Esku pribatuek kudeatutako egoitzetan zerbitzua nahikoa ez dela gaineratu dute, eta enpresa horiek "euren onura pertsonen interesen gainetik" jartzen dutela.