Itxi

Gizartea

PORNOGRAFIA

Donostiako zazpi ikastetxek atzeman dituzte eduki pornografikoa partekatzen duten txatak euren ikasleen artean

EITB Media

Zabaldutako informazioaren arabera, eduki pornografikoa eta indarkeriazkoa partekatzen ari dira talde horietan, baita gorroto-mezuak ere. Oraingoz, Aldapeta eta Deutsche Schule ikastetxeek salaketa bana aurkeztu dute Ertzaintzaren aurrean.

  • Zurriola ikastola

    Zurriola ikastola. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Eduki pornografikoa duten adin txikikoen WhatsApp taldeak atzeman dituzten Donostiako eskolen kopurua goraka doa. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak azaldu duenez, gutxienez zazpi dira euren ikasleak halako txatetan daudela baieztatu duten zentroak: Aldapeta ikastetxea, Zurriola eta Herri Ametsa ikastolak, Luberri institutua, Jesuitak Donostia kristau eskola, Deutsche Schule eta Saint Patrick's English School. 

Zabaldutako informazioaren arabera, eduki pornografikoa eta indarkeriazkoa partekatzen ari dira talde horietan, baita gorroto-mezuak ere: irain homofobo eta matxistak ageri dira, eta gaztetxoei euren irudi eta datuak elkarbanatzea eskatzen zaie. Oraingoz, Aldapeta eta Deutsche Schule ikastetxeek salaketa bana aurkeztu dute Ertzaintzaren aurrean, eta Jesuitak Donostia ikastetxeko guraso batzordeko presidenteak ere salaketa jarri du bere izenean.

Antza, bi WhatsApp taldetan parte hartzeko gonbidapena jasotzen ari dira ikasleak. Izenetik bertatik jendea gehitzera gonbidatzen duten taldeak dira. "Sartu dezagun jendea ezagun egin arte" izena du batak, eta "sartu dezagun jendea milioi batera iritsi arte" besteak. Bigarren hori da, hain zuzen ere, polemika gehien eragin duena.

Atzo, Donostiako Aldapeta Maria ikastetxeak ohartarazi zuen DBHko ikasleak "WhatsApp talde batean parte hartzeko gonbidapena" jasotzen ari zirela. Talde horren edukia "oso desatsegina eta desegokia da adin horretako gazteentzat", eta gertatutakoa Ertzaintzan salatzeko eskatu zien adingabeen gurasoei. Zentro horretako zuzendari den Jose Eizmendik gaur adierazi duenez, neurri kolektiboak aztertzen ari da eduki pornografikoak dituen "WhatsApp talde batean parte hartzeko gonbidapena" jaso duten ikasleen familiei salaketa jartzen laguntzeko.

Bestalde, gaur jakin da Zurriola ikastolak ere oharra bidali diela Bigarren Hezkuntzako familiei, "Sartu dezagun jendea milioi batera iritsi arte" WhatsApp taldean bertako ikasleak daudela ohartaraziz. "Talde horretan sexuarekin loturiko irudi desegokiak partekatu dituzte, besteak beste. Jakin badakigu irudi horietako asko borratuta daudela ere dagoeneko", dio testuak.

Ikastolak azpimarratu duenez, ikasturtea abiatu denetik behin baino gehiagotan esku hartu behar izan dute ikasle eta familia jakin batzuekin, "irudien erabilera desegokia eta sexuarekin loturiko edukiak" direla medio. Hori guztia dela eta, etxean gazteen eskuko telefonoen eta sare sozialen kontrola eramateko gomendatu die familiei.