Gizartea
PORNOGRAFIA
Eduki pornografikoa duten whatsapp taldeen inguruko salaketa Donostiako ikastetxe gehiagotara zabaldu da
EITB Media
Gutxienez, bost dira horrelako txatak antzeman dituzten zentroak: Aldapeta Maria ikastetxea, Zurriola ikastola, ikastetxe alemana, Jesuitak Donostia eta Luberri.
-
Zurriola ikastola. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Eduki pornografikoa duten whatsapp taldeak gutxienez Donostiako bost ikastetxetako ikasleen artean zabaldu dira: Aldapeta Maria ikastetxea, Zurriola ikastola, ikastetxe alemana, Jesuitak Donostia eta Luberri.
Azken asteetan bi whatsapp taldetan parte hartzeko gonbidapena jasotzen ari dira ikasleak. Izenetik bertatik jendea gehitzera gonbidatzen duten taldeak dira. "Sartu dezagun jendea ezagun egin arte" izena du batak, eta "sartu dezagun jendea milioi batera iritsi arte" besteak. Bigarren hori da, hain zuzen ere, polemika gehien eragin duena.
Oraingoz, Donostiako Aldapeta ikastetxeak eta ikastetxe alemanak salaketa bana aurkeztu dute Ertzaintzaren aurrean, eduki pornografikoa duten adin txikikoen whatsapp taldeen harira. Gainera, Jesuitak Donostia ikastetxeko guraso batzordeko presidenteak salaketa jarri du bere izenean.
Atzo zabaldu zen albistea, Donostiako Aldapeta Maria ikastetxeak ohartarazi zuenean DBHko ikasleak "whatsapp talde batean parte hartzeko gonbidapena" jasotzen ari zirela. Talde horren edukia "oso desatsegina eta desegokia da adin horretako gazteentzat", eta gertatutakoa Ertzaintzan salatzeko eskatu zien adingabeen gurasoei. Eskola horretako zuzendari den Jose Eizmendik gaur adierazi duenez, neurri kolektiboak aztertzen ari dira eduki pornografikoak dituen "whatsapp talde batean parte hartzeko gonbidapena" jaso duten ikasleen familiei salaketa jartzen laguntzeko.
Bestalde, Zurriola ikastolak ere oharra bidali die Bigarren Hezkuntzako familiei "Sartu dezagun jendea milioi batera iritsi arte" whatsapp taldean bertako ikasleak daudela ohartaraziz. "Talde horretan sexuarekin loturiko irudi desegokiak partekatu dituzte, besteak beste. Jakin badakigu ere irudi horietako asko borratuta daudela dagoeneko", dio testuak.
Ikastolak azpimarratu duenez, ikasturtea abiatu denetik behin baino gehiagotan esku hartu behar izan dute ikasle eta familia jakin batzuekin, "irudien erabilera desegokia eta sexuarekin loturiko edukiak" direla medio. Hori guztia dela eta, etxean gazteen eskuko telefonoen eta sare sozialen kontrola eramateko gomendatu die familiei.