Itxi

Gizartea

Eguraldia

Negu giroa izango da gaurtik aurrera

EITB MEDIA

Tenperaturak 10 °C inguruan kokatuko dira asteartetik aurrera, eta euria egiteko arriskua egongo da aste osoan. Elur-kota 1.000-1.500 metrora jaitsiko da; beraz, baliteke mendi goiak zuritzea.

  • Urbasa. Argazkia: EITB

    Urbasa. Argazkia: EITB

Ipar haizeak negu giroa ekarriko du asteon. Tenperaturak behera egingo du, eta 10 gradu ingurukoak izango dira tenperatura altuenak barnealdean asteartetik aurrera. Euria egiteko arriskua egongo da ia egunero, eta baliteke mendi goiak zuritzea, hortaz, elur-kota 1.000-1.500 metro inguruan kokatuko baita, Euskalmetek jakinarazi duenez.

Astelehenean euria egingo du eta tenperatura nabarmen jaitsiko da. Goizean goizetik, zerua lainotuta egongo da ipar partean, eta euria egingo du. Arratsaldetik aurrera, euria hegoalderantz zabaltzen joango da eta zaparradak mardulagoak izango dira orduan kantauriar isurialdean: azken orduetan, baliteke trumoi-ekaitzak jotzea kostaldean. Egunaren bigarren partean, ipar-mendebaldeko haizeak zakar joko du kostaldean eta Ebroko bailaran. Tenperatura maximoek nekez gaindituko dituzte 15 ºC-ak.

Asteartean eguraldiak neguko itxura hartuko du. Euria denean egingo du, baina ugariagoa izango da ipar partean, bertan baliteke goizaldean trumoi-ekaitzak jotzea eta. Hegoaldean, berriz, aterruneak luzeagoak izango dira. Elurra mendi tontorretara hurbilduko da ere, 1500 m-tik gora. Bestalde, haizea hizpide izango da; ipar-mendebaldetik zakar joko du, bolada oso gogorrekin kostaldean eta Ebroko bailaran. Tenperatura beste koska bat gehiago jaitsiko da, eta barnealdeko zenbait tokitan 10 ºC-tik behera geldituko dira maximoak.

Asteazken arratsaldean atertzera egingo du, eta ostegunean ostarteak zabalduko dira, baina astebururako prezipitazioak espero dira berriro.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta bidali argazkiak eta bideoak.