Gizartea
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Dani Alves futbol jokalaria epaitu egingo dute, Bartzelonan emakume bati sexu erasoa egitea egotzita
AGENTZIAK | EITB Media
Bartzelonako futbol jokalari ohia behin-behinean preso dago, urtarriletik. Joan den abenduaren 30ean izan zen erasoa, Bartzelonako diskoteka batean.
-
Dani Alves, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Dani Alves futbol jokalaria akusatuen aulkian eseriko da azkenean, abenduaren 30etik 31rako gauean Kataluniako hiriburuko diskoteka batean 23 urteko neska bati sexu-erasoa egitea leporatuta.
Bartzelonako Auzitegiko 21. sekzioak Dani Alvesen auzipetzea berretsi du, besteak beste, ondorioztatu baitu biktimaren eta lekukoen testigantzak eta perituen frogak nahikoak direla sexu eraso delitu batengatik futbolaria epaiketara bidaltzeko.
Orain, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak bost eguneko epea izango dute kalifikazio idazkia aurkezteko. Tramite hori egin ondotik, epaiketaren data zehaztuko dute.