Itxi

Gizartea

Gipuzkoa

AP-8an izandako istripu batek bi zauritu, horietako bat larri, eta auto-ilara luzeak sortu ditu Zestoan

EITB Media

Ezbeharra 18:00ak aldera gertatu da. Oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik, bi autok elkar jo dute, eta horietako bat irauli egin da. Ezbeharraren ondorioz, gidarietako bat ibilgailuan harrapatuta geratu da, eta erreskatatu egin behar izan dute.

Bi pertsona zauritu dira, horietako bat larri, AP-8an, Zestoan (Gipuzkoa), gaur izandako zirkulazio-istripu batean. Autobidea erabat itxita egon da 19:00ak arte, Bilborako noranzkoan, eta zortzi kilometrorainoko auto-ilarak izan dira, Ertzaintzako iturriek eitb.eus-i jakinarazi diotenez.

Ezbeharra arratsaldeko seiak baino minutu batzuk lehenago jazo da. Oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik, bi autok elkar jo dute, eta horietako bat irauli egin da.

Istripuaren ondorioz, pertsona bat ibilgailuetako batean harrapatuta geratu da, eta erreskatatu egin behar izan dute; beste bat, berriz, tokian bertan artatu dute.

Ezbeharraren ondorioz, errepidea erabat itxi behar izan dute Bizkaiko hiribururako noranzkoan, eta auto-ilara luzeak sortu dira.