Itxi

Gizartea

Trafikoa

Trafikoa normaltasunera itzultzen ari da Txorierriko igarobidean

EITB MEDIA

Jada ireki dituzte istripu baten ondorioz N-637 errepidean, Galdakaoko noranzkoan, itxi dituzten bi erreiak. Halaber, beste bi istripu izan dira Artatzan (Leioa), eta han ere pilaketak sortu dira Bilboko noranzkoan. Emakume bat ospitaleratu dute, Derion haren ibilgailua irauli ostean.

  • Ilarak Txorierrin. Argazkia: @trafikoaEJGV

    Ilarak Txorierrin. Argazkia: @trafikoaEJGV

Hainbat ibilgailuren arteko istripua izan da goizean goiz Txorierriko igarobidean (N-637 errepidea), Sondikan (Bizkaia) eta Galdakaoko noranzkoan. Ilara luzeak sortu dira, A-8ari ere eragin diotenak, Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi diotenez, baina jada zirkulazioa bere onera itzultzen ari da.

Sailetik argitu dutenez, lau ibilgailuk talka egin dute 07:20 aldera errepide horretako 15. kilometroan, eta, horren ondorioz, bi errei itxi dituzte Galdakaorako bidean. Ez dute jakinarazi zauritutakorik ote dagoen. 

Hasiera batean, hiru kilometro inguruko pilaketak sortu dira, baina handik gutxira, 5 kilometrokoak zirela eta A-8ra heltzen zirela ere esan dute. 

09:00ak aldera, berriz, errei guztiak ireki dituzte, eta zirkulazioa bere onera itzultzen hasi da.

Beste bi istripu izan dira BI-637 errepidean, Artatzako errepidean, Bilboko noranzkoan. Leioan, errei bat itxi dute eta auto-ilarak sortu dira, baina 9:15 aldera ehunka metro batzuetakoak besterik ez ziren ilarak.  

Bestalde, Derion auto bat irauli da N-633 errepidean, Bilboko noranzkoan, eta barruan zihoan emakumea ospitalera eraman dute, zaurituta. Errei bat itxi behar izan dute, eta auto-pilaketak sortu dira.