Gizartea
Abusuak Eliza Katolikoan
Nafarroa aitzindari, Elizaren baitan sexu abusuak jasan dituzten biktimei justizia errestauratiboa eskaintzen
EITB MEDIA
Orain arte, bi biktimari eskaini zaie prozesua, eta, urtarriletik aurrera, biktima izaera aitortuta duten pertsona guztiei bermatuko zaie. 10 biktima leudeke prest.
-
Abusuen kontra Iruñean egindako elkarretaratze bat. Argazkia: EFE
Eliza katolikoan sexu abusuak jasan dituzten biktimei justizia errestauratiboa eskaintzen dien Espainiako Estatuko lehen erkidegoa da Nafarroa, Foru Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez.
Justiziako Zuzendaritza Nagusiak proiektu pilotu bat jarri zuen martxan, eta, horren harira, bi biktimari eskaini zaie prozesua. Bi kasuetan, espazio seguru bat sortu da. Espazio horretan, pertsona horiek aukera izan dute euren beharrak partekatzeko, galderei erantzunak bilatzeko eta kaltea konpontzeko beharrezkoak diren ekintzak identifikatzeko.
Urtarriletik aurrera, biktima gisa aitortutako pertsona guztiei eskainiko zaie prozesua, baina berariaz eskatu beharko dute (borondatezkoa da).
10 biktima, prozesuan parte hartzeko prest
Nafarroako Barne, Funtzio Publiko eta Justiziako Departamentuaren arabera, 10 biktima leudeke justizia errestauratiboa jasotzeko prest.
Guztira, 55 kasuko zerrenda dago, eta duela urtebete eratu zuten adituen lantaldea 26 biktimaren egoera aztertzen ari da. Bestalde, sei biktimak jaso dute aitortza, eta litekeena da datozen asteetan dozena bat inguru izatea (lanak nahiko aurreratuta omen dituzte).
Zer da justizia errestauratiboa?
Sexu abusuen kasu gehienetan, erasotzailea hilda dago, eta, hortaz, ezin da bitartekaritza erabili —hori izaten da metodologia ohikoena justizia mota honetan—. Hala, biktimak erreparazio morala jasotzeko pausoak eman ohi dira.
Prozesuok ez dute zigortzeko asmorik, eta justizia, elkartasuna, erantzukizuna, egia eta giza duintasunaren errespetua dituzte lege. Justizia errestauratiboa borondatezkoa eta konfidentziala da, eta biktimen erreparazio morala du helburutzat.
Justiziako Zuzendaritza Nagusiaren hitzetan, "arlo honetan kalitatezko zerbitzu publiko batzuk bermatzea ezinbestekoa da aniztasunean bat eginda dagoen gizarte batean".