Itxi

Gizartea

EUSKARA

Kontseiluak hizkuntza-eskubideen aurkako erasoen aurrean antolatu eta saretzeko protokoloa aurkeztu du

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Bi kasutan aktibatuko da protokoloa: arau, kontratazio publiko edo lan-deialdi bati hizkuntza-eskubideei lotutako helegitea jartzen zaionean edo hizkuntza-eskubideen edo euskararen normalizazioaren aurkako epai baten berri dagoenean.

  • Larunbateko manisteazioaren irudi bat

    Larunbateko manisteazioaren irudi bat

Euskararen kontrako erasoei aurre egiteko eta hizkuntza eskubideak babesteko protokoloa prestatu du Euskalgintzaren Kontseiluak, aurrerantzean sententzien aurreko erantzunak "tokian-tokian eta batasunetik" antolatzeko tresna.

Prentsaurrekoa eskaini du Euskalgintzaren Kontseiluak Bilboko Kafe Antzokian astearte honetan, eta, asteburuko manifestazio jendetsuaren balorazio "positiboa" egiteaz gain —70.000 lagun inguru bildu zituen protestak—, hizkuntza eskubideen aurkako erasoei erantzuna emateko protokoloa ere aurkeztu du.

Hala, epaitegietan euskararen aurkako oldarraldiak etenik ez duela ikusita, "gizartearen esku" jarri nahi nahi dute oldarraldiaren aurrean hizkuntza-eskubideak babesteko protokoloa. Azaldu dutenez, helburua da eragileek tresna bat izatea, erasoen aurrean antolatzeko eta saretzeko.

Protokolo berria bi kasutan aktibatuko dela adierazi du Manex Mantxola Kontseiluko koordinatzaileak; lehena, arau, kontratazio publiko edo lan-deialdi bati hizkuntza-eskubideei lotutako helegite bat jartzen zaionean, kasuan kasu jarraipena egiteko, eta bigarrena hizkuntza-eskubideen edo euskararen normalizazioaren-aurkako epai baten berri jasotakoan, erantzuna prestatzeko.

Kontseiluaren ardura izango da euskalgintzari, alderdi politikoei eta sindikatuei baliabideak eskaintzea, eta, sententzien kasuan, "egingarri denean", erakundeei errekurtsorako babesa helaraztea.

Larunbateko manifestazioak "aurreikuspenak gainditu" zituen

Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak "aurreikuspenak gainditu" zituela adierazi du, eta eskerrak eman dizkie antolakuntza lanetan ibili diren herritarrei.

Halaber, larunbatean manifestazioaren ondorengo irakurketan egin bezala, "itun soziopolitiko baten premia" berretsi du Eskisabelek, hizkuntz politiketan sakontzeko. Azaldu du astelehenean bertan ekin ziotela adostasuna bilatzeari eta Kontseiluaren konpromisoa itun soziopolitikoa bideratzea izango dela.

Botere judizialari "sentsibilizazio-lana" egiteko deia egin die, baita erakunde publikoei ere, eta "normalizazioaren aurkako" epaien kontrako helegiteak "azkeneraino" eramateko eskatu die.