Gizartea
Hilketa
Usurbilgo Andatza mendian lagun bat hiltzeagatik auzipetutako gizonak bere egiletza aitortu du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bere gain hartu du hilketa. "Ez nau inork behartu hau egitera, askatasun osoz egiten dut", erantzun dio gizonak fiskalari. Halaber, droga kontsumitzen zuela onartu du.
-
Biktima agertu zen lekua. Artxiboko argazkia: EFE
2022ko urtarrilean Usurbilgo (Gipuzkoa) Andatza mendian lepoa moztuta agertu zen lagunaren hilketagatik auzipetutako gizonak bere egiletza aitortu du. Hil zutenetik hilabetera aurkitu zuen haren gorpua mendizale batek.
"Gertatutako guztiaren erantzule naiz. Ez nau inork behartu hau egitera, askatasun osoz egiten dut", erantzun dio gizonak fiskalari. Halaber, droga kontsumitzen zuela onartu du.
Bere abokatuak egindako galderei erantzunez, esan du bere onetik aterata zegoela, eta pentsatu zuela biktimak Poliziarekin makur jokatuko zuela.
Hilketak, Fiskaltzaren arabera, zeloekin izan zuen zerikusia. Izan ere, kartzelatik irten zenean, hildako gizona auzipetuaren neska-laguna limurtu nahian ibili zen. Aurretik, bikote harremana izan zuen emakume horrekin —konplizetzat dute epaiketa honetan—.
Iazko urtarrilaren 24an gertatu zen hilketa. Egun horretan, bi gizon horien artean Hernaniko etxebizitza batean izandako sesioaren ondotik, auzipetuak, bere emaztegaiaren laguntzarekin, eskuak lotu zizkion biktimari. Handik, Andatza mendira eraman zuten furgonetan, eta ustez han hil zuten.
Gipuzkoako Auzitegian egiten ari diren epaiketaren bigarren saioan, auzipetu nagusiaren aitorpenak hartu du, beraz, lekua, baina baita auzipetutako bi emakumeen lekukotasunek ere.