Gizartea
Hezkuntza
Bildarratzek ez luke ulertuko EH Bilduk Hezkuntza Legea ez babestea "garrantzitsuenean" ados egonda
agentziak | eitb media
Hezkuntza sailburuak gaitzetsi egin du eztabaida hizkuntza-ereduetan zentratu izana, eta edukien "baliagarritasuna" eta "oinarrizko kontuetan lortutako adostasun zabala aintzat ez hartzea".
-
Jokin Bildarratz, Hezkuntza sailburua. Argazkia: Efe
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ez luke ulertuko EH Bilduk Hezkuntza Legeari babesik ez ematea zuzenketa batengatik, "garrantzitsuenean", testu artikulatuan, ados egonda.
Bildarratzek Bilbon emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, PSE-EErekin sartutako zuzenketak, hizkuntza-ereduei eustea proposatzen duenak, Euskararen Normalizaziorako Legean aipatzen dena jaso besterik ez du egiten.
"Zuzenketak ez du ezer berririk esaten, hizkuntza-ereduak Euskararen Legeagatik daude bizirik, eta moldatu egin dira errealitatera egokitzeko, familiek eta zentroek hala erabakita", gaineratu du.
Sailburuaren esanetan, "garrantzitsuena" Hezkuntza Lege-proiektuaren 4. artikulua da, "irteera" profilak jasotzen dituena (B2 maila euskaraz eta gazteleraz, eta B1 maila atzerriko hizkuntzan, derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan).
Bildarratzen ustez, desadostasunak "txikiak" dira eta ez dute justifikatzen Hezkuntza Legearen inguruan dagoen eztabaida, 2022ko hezkuntza-ituna errespetatzen duelako. Elkarrekin Podemos-IUk ez zuen bat egin itunarekin eskola publikoan zentratzen ez zelako, eta EH Bilduren babesa kolokan dago hizkuntza-ereduei eusten zaielako.
Hezkuntza sailburuak gaitzetsi egin du eztabaida hizkuntza-ereduetan zentratu izana, eta edukien "baliagarritasuna" eta "oinarrizko kontuetan lortutako adostasun zabala aintzat ez hartzea".
Sailburuak ez luke porrot pertsonal gisa hartuko legea Eusko Jaurlaritzako alderdiek (EAJ eta PSE-EE) soilik babestuko balute, baina, horren esanetan, "ahal den adostasun zabalena" lortzen saiatuko da "azken unera arte" eta "diskrezioz".