Itxi

Gizartea

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Kontseiluak "aniztasunean, errespetuan eta berdintasunean" sinesten duen oro deitu du manifestaziora

eitb media

Idurre Eskisabel idazkari nagusiak salatu du "euskarafobia" dagoela euskararen normalizazioaren aldeko neurrien aurka eman dituzten ebazpenen argudiaketan.

1:14
Idurre Eskisabel. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak euskararen aurkako "oldarraldi judiziala" salatzeko larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin die "aniztasunean, errespetuan eta berdintasunean" sinesten duten guztiei, ez delako "euskaldunen eta euskaltzaleen kontua soilik, hizkuntz eskubideez ari gara".

Euskararen normalizazioa helburu zuten arauen aurka epaitegiek azken hilabeteetan eman dituzten ebazpenak salatzeko larunbatean, hilaren 4an, 17:00etan, Euskaldunatik abiatuta, egingo den manifestazioa izan du hizpide dozenaka elkarte eta eragile barne hartzen dituen erakundearen arduradunak, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.

Eskisabelek esan du "historikoa" izango dela, ez soilik alderdi, sindikatu eta elkarte ugarik bat egingo dutelako, baizik eta "denbora asko" zelako "kalean protesta egitera ateratzen ez ginela". Hasieran erantzunaren "beldur" zirela aitortu du, baina, gero, "kezka partekatua" dela egiaztatu ahal izan dutela.

Epaileen artean euskarafobia ote dagoen galdetuta, baietz erantzun du, ebazpenetan "guztientzat komuna den argudiaketa bat" atzematen dela, euskara "zaila" dela edo normalizatzen saiatzea "irrazionala" dela, adibidez.

Bestalde, azaldu du normalizazio prozesu "guztietan" izaten direla erantzun "errekazionarioak", "alde hegemonikoak (gaztelerazko hiztunak) berdintasunera iristeko zerbait eman behar duenean".

Azkenik, Eskisabelek ez dio garrantziarik eman Eusko Jaurlaritzak manifestazioan ez parte hartzeari, Kontseilua "mugimendu sozialetan oinarritzen" delako. Horren harira, gogorarazi du Estatuko beste hizkuntza gutxitu batzuen ordezkarien babesa ere jaso duela.