Gizartea
Eguraldia
Ziklogenesiak ia 140 kilometro orduko haize-boladak utzi ditu Getxon
Mikel Dominguez | EITB Media
120 km/h-tik gorako haize-boladak espero dira, batez ere mendebaldean. Momentuz, Euskalmeten sarean boladarik bortitzena Galeako estazioan neurtu dute, Getxon (Bizkaia): 139 km/h-ko haize-bolada.
-
Olatu handiak Donostian. Argazkia: EFE
Azaroarekin batera, Ciaran depresioa heldu da, eta, asteazken arratsaldetik aurrera, ziklogenesi leherkorra izango da protagonista. Haizeguneetan 120 km/h baino gehiagoko haize-boladek eta kostaldean 7 metroko olatuek alerta laranjapean jarriko dute lurraldearen zati handi bat.
21:00etan, alerta laranja ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, haize-boladek 120 km/h-ko abiadura gainditu ditzakeetelako haizeguneetan, eta 100 km/h-koa haizeguneak ez diren tokietan. Alerta osteguneko 03:00ak arte mantenduko dute, eta abisu horira igaroko da orduan egoera, 06:00ak arte.
Orain arte, Euskalmeten sarean boladarik bortitzena Galeako estazioan neurtu dute, Getxon (Bizkaia): 139 km/h-ko haize-bolada. Madrildik Bilbora zihoazen bi hegaldik jatorrira itzuli behar izan dute, azken orduetan izandako haize-bolada gogorren ondorioz. Gainera, Bilbotik irten behar ziren hiru hegaldi bertan behera gelditu dira, eta beste horrenbeste atzeratu egin dira. Zifra horiek areagotu egin litezke datozen orduetan, 15 hegaldi baitaude aurreikusita Loiuko aireportuan, asteazken honetarako.
Ostiral goizaldean, abisu horia ezarriko dute berriro, gauerditik 06:00etara arte, hego-mendebaldeko haize bortitzak antzeko egoera sortuko baitu, bereziki mendebaldean. Abisu horia ostiraleko 12:00ak arte izango da indarrean isurialde atlantikoan.
Nafarroako egoerari dagokionez, Aemetek abisu horia ezarri du gaur, asteazkena, 18:00etatik aurrera, isurialde atlantikoan eta Pirinioetan, 70-80 km/h ufadengatik. 110 km/h-ra irits litezke haizeguneetan.
Bihar, osteguna, Nafarroako lurralde osora zabalduko dute abisua, eta isurialde atlantikoan alerta laranja ezarriko dute. Haize-boladak 90 km/h-rainokoak izango dira bertan. Alerta 06:00ak arte egongo da aktibatuta.
Gainera, Nafarroako isurialde atlantikoan abisu horia ezarriko dute 18:00ak arte euriagatik, 12 orduan 40 mm pilatuko baitira, aurreikuspenen arabera.
Ipar Euskal Herrian, Meteofrancek abisu horia ezarriko du gaur, asteazkena, 19:00etan hasita, haizeagatik. Egunaren azken zatian eta ostegun osoan egongo da indarrean, baita prezipitazioengatik eta ekaitzengatik ere.
Oso egoera zaila itsasoan
Depresioak arriskua eragingo du itsasoan, nabigaziorako eta olatuengatik.
Olatuen altuera adierazgarria handituz joango da bihar, osteguna, goizaldean zehar, eta baliteke goizean 5 metrotik gorakoa izatea. Eguerdian 5-6 metroko olatuak espero dira, eta ostiralean are altuagoak izango dira: goizean, 6 eta 7 metro artekoak.
Ondorioz, lehen bi milietako nabigaziorako abisu horia ezarri dute ostegunean, 06:00etatik aurrera. 12:00etatik aurrera, alerta laranja aktibatuko da, ostiraleko 21:00ak arte.
Kostaldeko egoerari dagokionez, Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du osteguneko 12:00etatik ostiraleko 21:00etara. Mendebaldeko haize bortitzak olatu zipriztinak eragingo ditu kostaldeko pasealekuetan, bereziki itsasgoraren inguruan, eta olatuek itsasertza gaindi dezakete tarte laburretan.