Itxi

Gizartea

MANIFESTAZIOA

Auzitegien "esku hartzea" salatu eta "hizkuntza eskubideak" aldarrikatuko ditu Kontseiluak larunbatean

EITB Media

Bilbon azaroaren 4an egingo den manifestazioa 17:00etan abiatuko da Euskaldunatik eta udaletxe aurrean amaituko da. Mobilizaziora batzeko hiru arrazoi aipatu dituzte: auzitegien esku hartzea, euskararen normalizazioan aurrera egitea aldarrikatzea eta herritarren eskubideak erdigunean jartzea.

2:17
Idurre Eskisabel. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta datorren larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan auzitegien "esku hartzea" salatu, "euskararen normalizazioan aurrera egitea aldarrikatu" eta herritarren eskubideak "erdigunean" jarriko dituzte. Azaroaren 4ko manifestazioa Euskalduna jauregitik aterako da, 17:00etan, "Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat" lelopean.

Larunbateko hitzorduaren atarian, Bilbora joateko eta euskararen aldeko manifestazioan parte hartzeko dei egin die Euskalgintzaren Kontseiluak herritar guztiei. Milaka pertsonen parte hartzea espero dute, eta, oraingoz, herri eta eskualdeetan 40 autobusetik gora antolatu direla nabarmendu dute.

Euskararen aurkako sententzia "isolatuetatik" harago botere judizialaren "oldarraldi" bat dagoela iritzita, larunbatean desadostasuna publikoki agertzeko deia egin dute. Kontseiluak hiru arrazoi nagusi aipatu ditu manifestaziora joateko: botere judizialaren "esku hartzea" salatzeko, euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta herritarren eskubideak "erdigunean" jartzeko.

Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak gaur adierazi duenez, botere judizialaren esku hartzea "oso larria" da. "Hizkuntza politika egiten ari dena botere judiziala da une honetan, eta hori oso larria iruditzen zaigu", gaineratu du.

Larunbateko manifestazioa Bilboko udaletxearen parean amaituko da, ekitaldi batekin. Besteak bste, soka-dantza bat antolatuko dute, eta herritarrei dantzatzera dei egin diete, asmoa baita elkarlana eta sen komunitarioa irudikatzea.

Gasteizko Udalak Kontseiluaren ekimenarekin bat egin du

Gasteizko Udalak, bere aldetik, adierazpena onartu du, toki erakundeen defentsan eta euskararen "aurkako" azken epaien harira. EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin udal taldeek alde bozkatu dute, eta PSE-EEk eta PPk, aldiz, aurka.

Aipaturiko hiru udal taldeek bat egin dute Kontseiluaren ekimenarekin, eta kanpaina horren barruan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.