Itxi

Gizartea

Sexu abusuak Elizan

Hego Euskal Herriko 84 gune katolikotan salatu dituzte sexu abusuak

EITB Media

Hala jasotzen du Espainiako Herri Defendatzaileak Eliza katolikoan gertatutako sexu abusuen inguruko lehen txosten ofizialak. Ezinezkoa da, hala ere, biktima eta erasotzaile kopuru zehatza jakitea, argitara atera diren kasuak baino askoz gehiago baitira isilean geratu direnak.

  • Sexu gehiegikerien biktimen elkarretaratzea, Iruñean. EFEren artxiboko irudia.

    Sexu gehiegikerien biktimen elkarretaratzea, Iruñean. EFEren artxiboko irudia.

Hego Euskal Herrian gutxienez 84 gune katolikotan salatu dituzte sexu abusuak. Bizkaian 33 ikastetxe edo gune katolikotan jakinarazi dira sexu abusuak, Nafarroan 27tan, Gipuzkoan 17 zentrotan eta Araban 7tan, Espainiako Herri Defendatzaileak Eliza katolikoan gertatutako sexu abusuen inguruko lehen txosten ofizialak jasotakoaren arabera.

Hala ere, kontuan hartu behar da gune horietan gutxieneko abusuen kopurua ez dela zehatza, gutxienez kasu bat egon da egoitza bakoitzean, baina ez du zertan erasotzaile bakarra eta biktima bakarra izan. Izan ere, txostenean zehaztu denez, zenbait egoitzatan (ikastetxeak, udalekuak) erasotzaile bat baino gehiago eta biktima bat baino gehiago izan dira aldi berean edo behin baino gehiagotan.

Ez dago biktima edo kasuen datuen zehatzik. Elizbarrutiek jakinarazitako eta baieztatutako datuen arabera, 19 dira Bilboko elizbarrutian izan diren kasuak, 10 Iruñea-Tuterakoan, 9 Donostiakoan eta 3 Gasteizko elizbarrutian. Horiei gehitu behar zaizkie biktimek zuzenean Herri Defendatzailearen Biktimen Arretarako Unitatean salatutako beste dozenaka kasu.

Hala ere, horiek denak batuta ere, icebergaren punta litzateke kopuru hori, argitara ateratakoak baino askoz gehiago baitira isilean gordetakoak. Txostenean bertan zehazten denez, kasu gehien-gehienak ez dira inoiz argitara aterako, ez baitira salatu edo ofizialki jakinarazi, eta, beraz, ez daude inon jasota.  

Espainiako Herri Defendatzaileak 8.000 pertsonaren artean egindako inkesta batetik ondorioztatu da 18 urtetik gorako Espainiako biztanleen % 0,6 inguru izan daitezkeela biktimak (236.000 pertsona). 

Halaber, txostenak salatu du Elizak ezkutatu, minimizatu eta ukatu egin dituela sexu abusuak, eta hamarkada luzez ezinezkoa izan dela Elizaren informazio argi eta gardenik jasotzea. 

Herri Defendatzaileak onartu du azken urteotan gero eta kasu gehiago azaleratzeak biktimen eta komunikabideen presioak eta abusuen arazoaren aurrean kontzientzia handiagoa izateak eragin duela, Elizan bertan, arazoa bere gain hartzeko borondatea azaleratzea, bai eta biktimen sufrimendua eta horien eskubideak aitortzea ere. Francisco aita santuak berak barkamena eskatu du Elizaren testuinguruan egindako sexu gehiegikeriengatik, eta biktimen aitortza eta erreparazioa eskatzeko adierazpenak egin ditu.

Euskal Herrian izandako kasuak

Azken urteotan badira Euskal Herrian argitara atera diren kasuak, Bermoko San Jose ikastetxekoak, Santutxuko Berrio-Otxoakoak, Zornotzako El Carmelo edo Tolosako Eskolapioetan jakinarazitakoak, kasu. 

Aldi berean, erakundeak biktimen aitortzarako urratsak ematen hasi dira. Nafarroako Gobernuak, adibidez, uztailean ofizialki onartu zituen Elizan abusuak jasan zituzten lehen biktimak. Oraingoz 6 biktima aitortu ditu, baina gutxienez beste 19 aitortzeko asmoa du. 

Halaber, Joseba Segura Bilboko gotzainak barkamena eskatu zien, martxoan, Elizan sexu abusuak jasan dituzten biktimei.