Itxi

Gizartea

Arabako ikastolen jaia

Araba Euskaraz ekainaren 16an bueltatuko da Olarizura, "Mugaezin" lelopean

EITB MEDIA

Datorren urtean lortzen duten dirua Oiongo San Bizente ikastolara bideratuko dute.

  • Arabako ikastolen ordezkariak 2024ko Araba Euskaraz jaialdia aurkezten. Argazkia: Araba Euskaraz

    Arabako ikastolen ordezkariak 2024ko Araba Euskaraz jaialdia aurkezten. Argazkia: Araba Euskaraz

Gasteizko Olarizuko zelaietan Arabako ikastolen aldeko jaia hartuko dute berriro ekainaren 16an, duela bi urte martxan jarri zuten ereduari jarraipena emanez, "auzolanean oinarrituta". 2024ko Araba Euskaraz jaialdiaren edizioan bildutako dirua Oiongo San Bizente ikastolara bideratuko dute.

"San Bizente ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutaraztearekin batera, gure jaia aprobetxatuko dugu Oionen eta Arabako Errioxan euskararen erabilera aldarrikatu eta bultzatzeko, eta euskararen erabilera zabaltzeko", adierazi dute arduradunek.

Antolatzaileek aurkezpenean nabarmendu dutenez, edizio honetarako aukeratutako leloa "Mugaezin" da; izan ere, "horrela irudikatzen dugu gure hizkuntza, mugarik gabe, mugarriz mugarri, espazio zabalagoak irekiz eta euskaraz trebatu eta hazi nahi duten guztientzat".

"Ikastolen proiektuak ezagutarazi eta bultzatu nahi ditugu, baina euskarari eta euskal kulturari ere eszenatoki handia eskaini nahi diegu, ikastolek bezala, euskarak ere Araba Euskarazen bozgorailua behar baitu", adierazi dute.

"Duela mende erdi guraso, irakasle eta ikasle aitzindariek hasitako ikastolen mugimendua erabat errotuta dago Arabako Errioxan. Urte hauetan guztietan lortu dugu kuadrilla honetako euskaldunak % 4 izatetik % 40 izatera pasatzea", nabarmendu dute.

Azaldu dutenez, 2024ko Araba Euskarazen logoa infinituaren ideian inspiratuta dago, eta Arabako zortzi ikastolen arteko lankidetza sinbolizatzen du. Marrazkiak espiral forma du, "betierekotasuna eta etengabeko mugimendua adierazten dituena, bidaia jarraituaren eta denboraren fluxuaren ideia gogora ekarriz".

Logotipoaren espirala "modu harmoniatsuan uztartzen da kiribilaren inguruko zortzi petaloekin, eta Arabako zortzi ikastoletako bakoitza irudikatzen dute", eta kolore horia aukeratu dute, "argia, energia eta bizitasuna sinbolizatzen baititu".

Antolatzaileek aurreratu dutenez, iaz bezala, hainbat ekimen izango dira Araban, "Araba Euskaraz lurralde osora zabaltzeko".