Gizartea
SEXU ABUSUAK ELIZA KATOLIKOAN
Espainiako Estatuko 236.000 pertsona izan dira Elizaren sexu abusuen biktima
AGENTZIAK | EITB Media
Espainiako herri defendatzaileak Eliza katolikoan gertatutako sexu abusuen inguruko txostena aurkeztu du.
-
Angel Gabilondo Espainiako herritarren defendatzailea. Argazkia: EFE
Eliza katolikoan gertatutako sexu abusuen inguruko lehen txosten ofiziala argitaratu du Espainiako herri defendatzaileak. 777 orrialdeko txostenak ez du zehazten biktima kopurua, baina 8.000 pertsonaren artean egindako inkesta batetik ondorioztatu du 18 urtetik gorako Espainiako biztanleen % 0,6 inguru izan daitezkeela biktimak (236.000 pertsona).
Angel Gabilondo Espainiako herri defendatzaileak Eliza katolikoaren eremuan gertatutako sexu abusuen eta botere publikoen zereginari buruzko 777 orrialdeko dokumentua aurkeztu du gaur goizean, duela urte eta erdi Diputatuen Kongresuak egin zion eskariari erantzunez.
Gabilondok prentsaurrekoan azaldu duenez, 487 biktimak (hamarretik ia bederatzi, gizonak) salatu dituzte Elizako kideek egindako sexu abusuak Espainiako herri defendatzaileak horretarako sortutako batzordean.
Erasotzaile gutxi batzuk baino ez dituzte eraman epaitegi zibilen aurrera, eta beste batzuei epaiketa kanonikoak egin dizkiete.
Txostenaren arabera, Elizako agintariek biktimak isilarazi eta gutxietsi dituzte, eta diru funtsa sortu beharko litzateke biktimentzat.
Bestalde, Espainiako Apezpikuen Batzarrak ezohiko bilera deitu du astelehenerako, herri defendatzailearen txostena aztertzeko. Gabilondok prentsaurrekoan adierazi duenez, gotzainek bilera horretan parte hartzera gonbidatu dute, baina, "familia arrazoiak" direla eta, ez da joango.