Itxi

Gizartea

BILBO

Lau atxilotu, Artxanda mendiko eraikin batean abuztuan aurkitu zituzten gorpuzkiekin zerikusia dutelakoan

EITB Media

Gainera, Ertzaintza bosgarren pertsona bat ikertzen ari da. Auziak sumario-sekretupean jarraitzen du. Atxiloketak Bilbon, Barakaldon eta Zaldibarren (Bizkaia) egin dituzte.

  • Gorpuzkiak erreta agertu ziren maleta baten barruan, Artxandan (Bilbo). Irudia: EITB Media.

    Gorpuzkiak erreta agertu ziren maleta baten barruan, Artxandan (Bilbo). Irudia: EITB Media.

Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu, Bilboko Artxanda mendiko eraikin batean abuztuaren 19an aurkitu zituzten gorpuzki erreekin zerikusia dutelakoan, Ertzaintzako iturriek eitb.eus-i baieztatu diotenez.

Gainera, bosgarren pertsona bat ikertzen ari dira. Auziak sumario-sekretupean jarraitzen du. Atxiloketak Bilbon, Barakaldon eta Zaldibarren (Bizkaia) egin dituzte.

Abuztuaren 19an, larrialdietako zerbitzuek indarkeria zantzuak zituzten hainbat gorpuzki aurkitu zituzten Artxandako eraikin abandonatu batean, Miramar jatetxean. Erretako maleta baten barruan zeuden hondakinak.

Gorpuzkiok 05:00ak aldera aurkitu zituzte. Jatetxea 2019an itxi zuten, eta ordutik erabat abandonatuta dago.

Gorpuzkiak gizon batenak dira. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak orduan aitortu zuen "ikerketa bereziki konplexua" dela, baina aurreratu zuen "eskura zegoen material urriarekin aurrera egiten" ari zirela.

Erkorekak azaldu zuenez, biktima identifikatzeko lanean ari ziren, "maletan dauden elementu fisiko eta anatomikoen bidez". Zehazki, hainbat hatz aurkitu zituztela zehaztu zuen, eta "behar bezala birhidratatuta, hatz-markak identifikatzeko eta biktimaren nortasuna aurkitzeko" oinarri izan daitezkeela. Hala ere, "ez da erraza", onartu du, "tratu txarrak jasan dituen gorputza" baita.