Itxi

Gizartea

Eguraldia

Haizeagatik alerta laranjan dago EAE, eta dagoeneko neurtu dituzte 140 km/h-ko ufadak

EITB MEDIA

15:00ak arte egongo da indarrean alerta. Itsasaldean ere izango du eragina denboraleak, eta 6 metrorainoko olatuak espero dira kostaldean.

0:36
Haizea, Getxon.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), itsas eta haize denboralea dago iragarrita gaurko; hala, bi alerta laranja ezarriko ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, haize bolada gogorrak eta itsasaldeko arriskua espero direlako. Alerta 10:00etan sartu da indarrean bi kasuetan, eta, aurrez, abisu horia egon da aktibatuta. Bolada zakarrak erregistratu dituzte hainbat estazio meteorologikotan. 

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak emandako datuen arabera, Matxitxakon (Bermeo, Bizkaia) neurtu dute orain arteko ufada gogorrena: 140 km/h. Cerroja (Karrantza, Bizkaia) eta Kapildui (Bernedo, Araba) aldean, orduko 104 kilometrokoak erregistratu dituzte.

Dena dela, okerrena etortzeko dago, iragarpenaren arabera, 110-120 km/h-ko haize-boladak espero baitira haizeak gogor jotzen duen lekuetan, bereziki kostaldean. Aemetek, bestalde, abisu horipean jarriko du Nafarroako ipar-ekialdea, 10:00etatik 18:00etara.

Egunaren lehenengo orduetan, hegotik jotzen ari da haizea, eta mendialdean izaten ari da indar handiena haizealdia. Arratsaldean, ordea, mendebal eta ipar-mendebaldeko norabidea hartuko du, eta orduan helduko dira bolada bortitzenak.

Bestalde, 06:00etatik 15:00etara, abisu horia ezarri dute haizeak hain gogor jotzen ez duen lekuetan, 80 km/h-rainoko haize-boladak egongo direlako.

Astinaldiak itsasoan ere izango du eragina. Ostiral eguerditik larunbat gauerdira, alerta laranja egongo da indarrean nabigaziorako, 5 eta 6 metro bitarteko olatuak espero baitira. 18:00etatik aurrera, abisu horia ezarriko dute. Halaber, 6 metrorainoko olatuek kostaldean eragina izan dezaketelakoan, abisu horia izango da aktibo eguerditik gauerdira.