Gizartea
IRUÑEA
Aske utzi dituzte Iruñean gazte bati jipoia ematea egotzita atxilotutako lau gizonak, tartean hiru militar
AGENTZIAK | EITB Media
Epaileak behin-behinean aske utzi ditu, baina astero epaitegian agertu beharko dute eta ezingo dira biktimarengana hurbildu.
Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiak behin-behinean aske utzi ditu Alde Zaharreko diskoteka baten kanpoaldean gazte bati jipoia ematea leporatuta atxilotutako lau gizonak, tartean Espainiako Armadako hiru militarrak.
Atzo epaitegian deklaratu ostean behin-behinean aske gelditu badira ere, astero epaitegian agertu beharko dute eta ezingo dira biktimarengana hurbildu.
Erasoa irailaren 29an gertatu zen, Burgoen plazan, eta biktimak salaketa jarri zuen Foruzaingoan. Salaketaren ondotik, ikerketa abiatu zuten gertaturikoa argitzeko, eta herenegun atxilotu zituzten jipoiaren ustezko egileak. Jipoiaren ondorioz, biktimari ebakuntza egin behar izan zioten, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean.
Azken asteetan, sare sozialetan bolo-bolo dabil jipoia jasotzen duen bideoa.