Itxi

Gizartea

Euskara

Hizkuntza eskubidea lan eskubide ere badela aldarrikatuko dute azaroaren 4an, "olatu euskarafoboa"ren aurka

E. G. | EITB Media

Atzo EAEko Auzitegi Nagusiak euskararen kontra emandako epaiaren ondotik, Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon deituta duen manifestazioa babestu dute gaur hainbat sindikatuk eta eragile sozialek.

1:53
Bilbo, gaur goizean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

"Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat euskaraz bat" lelopean, Bilbon azaroaren 4rako deituta dagoen manifestazioari babesa adierazteko agerraldi bateratua egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta Euskal Herriko hainbat sindikatuk eta eragile sozialek.

Euskararen kontrako enegarren ebazpenaren biharamunean, "mobilizazio soziala ezinbestekoa" dela iritzi diote denek ere. Izan ere, epaitegietako "olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa"ren aurrean, hizkuntza eskubideak lan eskubide ere badirela aldarrikatzeko unea heldu dela uste dute. 

Euskal Herriko sindikatu nagusietako eta hainbat eragile sozialetako ordezkariak ondoan zituela, adierazpen bateratua irakurri du Idurre Eskisabel Euskalgintzako Kontseiluaren idazkari nagusiak, Bilbon egindako agerraldi batean. Besteak beste, ELA, LAB, STEILAS, HIRU eta EHNE eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkariak izan dira prentsaurrekoan. 

Kontseiluaren aburuz, euskararen biziberritze eta normalizazio prozesuak "ezinbestekoa du lan munduaren euskalduntzean jauzia egitea", beharginek euskara ezagutzeko, lana hizkuntza horretan garatzeko eta lan harremanak ere modu bertsuan egiteko eskubidea dutelako. 

Nabarmendu duenez, orain arte, haur eta gazteengan jarri dute fokua, etorkizun euskaldun bat eraikitzea eurei dagokielakoan. "Denborak argi utzi digu hori ez dela horrela (...) Zertarako balio du inoizko gazte belaunaldi euskaldunena izateak, lan mundua erabat erdalduna denean?", galdetu du. 

Izan ere, azkenaldian epaitegietatik jasotako epaiek "oldarraldi judiziala" utzi dute agerian, "euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa". 

Horri aurre egiteko helburua du, hain zuzen ere, azaroaren 4ko manifestazioak, eta martxara biltzeko deia egin die, beste behin, herritarrei. "Aurreratutako guztia alperrik galtzen uzteko prest ez gaudelako. Urteetan eginiko lana eta landutako adostasun sozialak auzitan jartzen ezin diegulako utzi. Etorkizuna euskaraz lan eginez eraiki nahi dugulako", laburbildu du Eskisabelek.