Itxi

Gizartea

Euskara

EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu euskara lehenesten duen udal legearen hainbat artikulu

EITB MEDIA

Horren aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak azpimarratu du euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiari etena jartzeko ordua dela. "Dudarik gabe larritasun handikoa da epai hau", salatu du.

  • Euskararen aldeko manifestazioa Donostian

    Euskararen aldeko manifestazioa Donostian. Artxiboko argazkia: Amaia Arostegi

Erakunde publikoetan euskararen erabilera arautzeko prozesuak "zigorra" jaso du atzera. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu euskara lehenesten duen udal legearen hainbat artikulu. Hain zuzen ere, dekretuaren 9.2 artikulua, 11. artikuluaren lehenengo atala eta 12. artikulua baliogabetu ditu. Gainera, 18., 24., 27. eta 36. artikuluen eduki batzuk ere deuseztatu ditu.

Voxen helegite batean oinarrituta hartu du erabakia Auzitegiak. Tokiko erakundeetan euskara "lan hizkuntza normal eta orokor gisa" arautzen zuen legearen aurka egin zuen Santiago Abascalen alderdiak, Auzitegi Nagusira jota. Konstituzioa urratzen zuten zantzuak zeudela iritzita, Auzitegi Konstituzionalera bideratu zuen auzia EAEko auzitegiak.

Gaur ezagutarazitako epaia, baina, ez da irmoa. Eusko Jaurlaritzak 30 eguneko epea dauka orain erabaki horren aurka helegitea aurkezteko; kasu horretan, Auzitegi Gorenera jo beharko du.

Artikulu horiek baliogabetuta, euskara ez litzateke, beraz, "zerbitzuko hizkuntza" eta "lan hizkuntza normal eta orokor gisa" hartuko (12. artikulua). Bestalde, indar gabe geratuko litzateke udalerriek euskaraz lan egiteko neurriak hartzeko konpromisoa (9.2 artikulua).

Muga horiez bestalde, epaiaren arabera, bertan behera geratuko da udal barneko dokumentuak (deialdiak, gai zerrendak, mozioak, akordio proposamenak...) euskara hutsean idazteko aukera (18. artikulua) eta sektore publikoko langileek telefono bidezko arretan zein bozgorailutik zabaldutako mezuetan euskara lehenetsi (24. eta 27. artikuluetako atal batzuk) beharra ere.

Horren aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak azpimarratu du euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiari etena jartzeko ordua dela. "Dudarik gabe larritasun handikoa da epai hau. Uztailean adierazi genuen Espainiako Konstituzio Auzitegiak EAEko udal legearen artikulu bat partzialki baliogabetzeko emandako epai hark zuen larritasuna, eta hau nolabait haren ildokoa eta luzapen bat da", zehaztu du.

"Azken sententzia honek ukatu egiten ditu euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak behar direnik edo egingarri direnik. Udal legean eta garapen dekretuan herritar guztien eskubideak hartzen dira aintzat, eta hor proposatzen diren eta orain auzitegiak baliogabetu dituzten neurriekin inongo herritaren eskubideak ez dira kaltetzen, baizik eta euskararen normalizazioaren eta euskal hiztunen bizimodua normalizatzearen aldeko neurriak dira hartzen direnak. Politika publikoen egitekoetako bat hori da, beste hainbat arlotan ikusten dugun bezala: gutxiagotasun egoeretan dauden kolektibo eta egoerak zuzentzeko erabiltzen dira politika publiko horiek", erantsi du.

Zupiriak uste du badaudela helegitea aurkezteko arrazoiak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak uste du Jaurlaritzak helegitea jarri beharko lukeela epaiaren aurka, "politika judizializatuta" dagoela berresten duelako.

Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian, azaldu du gaur bertan ezagutu dutela epaia, eta horregatik "presazko balorazioa" egin duela, epaia sakon aztertu gabe.

Bestalde, EH Bilduk epaiaren "larritasuna" salatu du, eta ebazpenarekin "oso kezkatuta" dagoela adierazi du ohar batean. Gainera, Unai Urruzuno EH Bilduko Mahai Politikoko bozeramaileak adierazi duenez, "erabaki honekin, beste behin ere, euskal subiranotasuna zalantzan jartzen da". "Argi geratzen ari da sektore atzerakoienen izaera inboluzionista", salatu du.

Zentzu horretan, "larritasuna are handiagoa" dela uste du, "Espainiako ultraeskuinak, kasu honetan Voxek, egindako salaketaren ondoren hartu baita erabakia". Urruzunok azpimarratu du horrelako egoerak "ezin direla normalizatu".

Azkenik, Urruzunok dei egin die euskal herritarrei datozen ordu edo egunetan deitu daitezkeen mobilizazioetan parte hartzeko, "eraso horiei" erantzuteko.

Aitzitik, Amaia Martinez Vox alderdi ultraeskuindarreko legebiltzarkidearen ustez, epaiak "euskararen inposaketa politikari beste kolpe judizial bat eman dio".

Ohar batean, Martinezek esan du EAEko Auzitegi Nagusiak "duela bi urte baino gehiago Voxek hasitako prozesu bati" amaiera eman diola.

ELAren ustez, euskararen aurkako azken epaiek "kondenatu" egiten dituzte euskaldunak gaztelaniaz bizitzera. Horren ildotik, zentral abertzaleak deitoratu du auzitegien epaiek "gaztelaniaren aldeko supremazismoa" dutela oinarrian.