Itxi

Gizartea

osasuna

Ekin diote Nafarroan gripearen eta covid-19aren aurkako txertaketari, 60 urtetik gorakoekin

EITB MEDIA

Berrikuntza gisa, 6 hilabete eta 5 urte arteko umeei ere emango diete aurten gripearen kontrako txertoa. Bi urtetik gorakoei sudurretik emango diete dosia.

  • Jendea osasun zentro batean

    Jendea osasun zentro batean

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak astelehen honetan abiatu du gripearen eta covid-19aren kontrako txertaketa-kanpaina. 60 urtetik gorakoak (160.000 pertsona inguru) eta gaixo zaurgarriak (7.500etik gora) dira dosia jasotzen lehenak. Osasun langileek eta arlo soziosanitarioan lanean daudenek hilaren 23tik aurrera jasoko dute txertoa. 

Taldeontzat ez ezik, beste hauentzat ere gomendagarria da biak batera hartzea: haurdunak, adineko zentroetako egoiliarrak edota desgaitasunen bat duten pertsonentzako zentroetan daudenak. Erretzaileei gripearen aurkako txertoa jartzeko gomendatu diete, baita nekazaritza-ustiategietan lan egiten dutenei ere. 

Koronabirusaren kontrako prestakina hartzeko, hiru hilabete igaro behar izango dira azken dositik edo azken kutsatzetik. Inokulatuko diren dosiak RNA mezulari motakoak dira eta XBB azpi-aldaeren arabera prestatutakoak, hots, gaur egun dabilen birusaren kontra eraginkorrak. 

Lehen aldiz, gripearen kontrako txertoa sei hilabeteko haurtxoekin hasi, eta 5 urterainoko haurrei emango zaie. 24 hilabetetik aurrerakoei, dosia sudurretik emango diete. 

Zita Internet bidez har daiteke (citasalud.navarra.es webgunean), telefono bidez (948 370 130 zenbakian, Iruñean eta Lizarran, eta 948 370 140 zenbakian, Tuteran), edota osasun zentroan bertan. 

Osasun Departamentuak gogorarazi duenez, egoki txertatutako pertsonek % 80ko probabilitate gutxiago dute erietxean bukatzeko, gaixotuz gero. Dena dela, bestelako babes-neurriak hartzeko dei egin diete pertsona zaurgarriei; maskara erabiltzeko edo eskuak sarri garbitzeko, besteak beste.

EAEn eta Ipar Euskal Herrian hasita dago txertaketa kanpaina.