Gizartea
Euskara
Europa osoko hizkuntza gutxituen ELEN sareak euskararen aurkako oldarraldia salatu du
EITB Media
Batzarraren amaieran aho batez onartutako ebazpenean, ELENek bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako Bilbon antolatu duen manifestazioarekin eta dei egin die herritarrei bertan parte hartzera.
-
ELEN sarearen batzarra, Castedunn (Cagliari). Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua.
Ostiralean hasi eta gaur bukatu, ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sareak urteko Batzar Orokorra egin du Casteddun (Cagliari). Europar Batasuneko 25 estatutan hitz egiten diren 50 hizkuntza eta 50 milioi hiztun ordezkatzen dituzten 174 erakunde batzen ditu sare honek.
Aurtengo batzarrean Europa osoko hizkuntza gutxituen aldeko erakundeen 50 ordezkari baino gehiago elkartu dira, hizkuntza-politiketako aditu eta akademiko gonbidatu ugarirekin batera. Besteak beste, han izan da euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusia, Euskalgintzaren Kontseilua; baita galizieraren aldeko A Mesa pola Normalización Lingüística erakundea; eta katalanaren aldeko Plataforma per la Llengua, Òmnium Cultural, Acció Cultural del País Valencià eta Obra Cultural Balear.
Larunbat arratsaldeko saioan, euskararen aurkako oldarraldia salatzen duen ebazpena onartu dute aho batez batzarkideek.
Ebazpen horretan salatu dutenez, "Europa osoan, eta bereziki Espainiako Estatuan, hizkuntza gutxituek urteak daramatzate muga politikoak jasaten. Euskararen kasuan, normalizazioaren aurkako oldarraldia ezaguna da, batez ere ipar Euskal Herrian eta aitorpen ofizialik ez duen Nafarroako eremuan". Gaineratu dutenez, "azken hilabeteotan, berriz, euskararen kontrako oldarraldi judiziala ofiziala den lurraldeetara ere hedatu da, ofizialtasuna zein normalizazio prozesua zalantzan jarriz".
Ebazpenak "euskararen normalizaziorako neurriak eta prozedurak, eta beraz, milaka pertsonen eskubide zibilen betearazte osoa, baliogabetzen dituzten epai judizialen uholdearen aurrean" ELENeko kideek duten "kezka sakona" jartzen du agerian eta, "gehiengoaren borondate demokratikoaren eta botere legegilearen gainetik pasatzen ari den hizkuntza-politika murriztaile eta atzerakoi bat zuzentzen ari dela" salatu dute.
Izan ere, ELENen ustez, "gaur egun epaitegietan hartzen ari diren erabakiak elkarbizitzaren eta demokraziaren aurka doaz, eta hainbeste urtetan lortutako eskubideetan atzerapauso nabarmenak ekar ditzakete".
"Horregatik guztiagatik", dei egin diete "Espainiako Gobernuari, eta bereziki Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari" gai honen inguruan neurriak har ditzan, eta "behin betiko" amai dezan "euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren aurkako oldarraldia. Berdintasun, justizia eta gizarte kohesio kontua da hau. Funtsean, eskubide zibilen kontua».
Hala, ELENek bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako Bilbon deitu duen manifestazioarekin eta dei egin die herritarrei bertan parte hartzera, "lege horien aurka, baina batez ere euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde, gainontzeko hizkuntza gutxitu guztienarekin batera".