Gizartea
Gipuzkoa
Donostiako lineako autobus batean pintaketak egin eta kartelez bete dute
Agentziak | EITB Media
Aitor Zelaiaren eta Galder Barbadoren lau urteko kartzela zigorra salatzeko azken egunotan Ernaiko gazteak egiten ari diren protesta ekintzen barruan kokatzen dute akzioa. Eneko Goia alkateak gertatutakoa salatu du.
-
Pintadak Donostiako bus batean. Argazkia: @EnekoGoia
Gazte talde batek pintaketak egin zituen bart Donostiako lineako autobus baten albo batean, eta paskinak itsatsi zizkioten, Donostiako Udalak jakinarazi duenez.
Aitor Zelaiari eta Galder Barbadori armak gordetzeagatik ezarritako lau urteko kartzela zigorra salatzeko azken egunotan Ernaiko gazteak egiten ari diren protesta testuinguruan egin dituzte ekintzok.
Udalaren arabera, 21:00ak eta 21:30 bitartean gertatu zen, Donostia kalean. Gazteek bidea moztu zuten kate batekin, eta ibilgailua gelditu zuten, korrika ihes egin aurretik.
Dbus Donostiako Udalaren garraio konpainiak gertatutakoaren berri eman zion Ertzaintzari, eta patruila batzuk bertaratu ziren. Ondoren, autobusa kotxetegietara eraman zuten eta beste unitate batek ordezkatu zuen.
Gidaria eta une horretan autobusean zihoazen bidaiariak ez ziren zauritu eta ez zuten inor artatu behar izan; hala ere, Dbusek salaketa jarri du Ertzaintzan.
Sare sozialetan zabaldutako bideo batzuetan, Donostiako Matia kalean kaputxadun gazte talde bat ikus daiteke, kate bat errepidea ixten, eta "Aitor eta Galder aske" pankarta bat, larunbatean Gasteizen mobilizatzeko deia egitearekin batera.
Gertakari horien berri izan ostean Goiak X sare sozialean (lehengo Twitter) zabaldu duenez, penaz hartu du "batzuek iraganeko garaietan ainguratuta jarraitzea, hiri honetako gehiengoak gainditu dituen horietan".
Donostian ez dugu onartzen gure zerbitzu publikoei horrelako erasoak egitea.
— Eneko Goia Laso (@EnekoGoia) September 29, 2023
Algunos siguen anclados en tiempos pasados que la mayoría de esta ciudad ya ha superado.
Gure babesa adierazi nahi diegu erasoa pairatu zuten gidari eta erabiltzaileei. pic.twitter.com/tUwO0YMrJ7