Gizartea
Beroaldia
Afrikako aire masa bero batek 30 °C-tik gora igoaraziko ditu maximoak asteburuan
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Astelehenera arte iraungo du beroaldiak. Termometroak 33 °C-raino igoko dira, eta litekeena da urrian orain arte izandako maximoen errekorrak haustea.
-
Gizon bat sargoritik bere burua babesten. Artxiboko argazkia: EFE
Muturreko tenperatura altuak, 33 ºC-rainokoak barnealdean, urri betean. Hala omen dator asteburuko eguraldia, EITB Mediako Eguraldi zerbitzuak eta Euskalmetek egindako iragarpenaren arabera.
Biek ala biek ohartarazi dutenez, beroaldia izango dugu etzitik aurrera, hiru egunez. Izan ere, asteartean behera egingo dute termometroek.
Larunbatean, Afrikako iparraldetik datorren aire masa oso epel bat sartuko zaigu, eta hego haizeak lagunduta, tenperatura maximoak igoaraziko ditu: 32-33 ºC inguruan errendituko dira barnealdean, eta 29-30 ºC-an kostaldean. Hori horrela, Baiona (27 ºC espero dituzte) eta Donostia (29 gradu) izango dira hiriburu "epelenak", eta 30 ºC-ko langa gaindituta egongo dira gainerako hiriburuak: Bilbo (32), Gasteiz (33) eta Iruñea (31). Gainera, eguzkia izango dugu jaun eta jabe lurralde osoan. Arratsaldean, brisa sartuko da kostaldean, eta bero sentsazioa apalduko du. Tenperatura minimoak 17 ºC-koak izango dira kostaldean, eta 14-15 ºC-ra jaitsiko dira barnealdean.
Joeraren arabera, igandea ere eguzkitsua eta beroa izango da. Horrenbestez, sasoi honetan ohikoak diren tenperaturak baino altuagoak izango dira aurten. Kostaldean 28 ºC-koak izango dira beroenak, 32 gradukoak Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean, eta 33 ºC-koak Araban eta Nafarroan. Hego haizea ibiliko da, sargori puntua emanda. Arratsaldean, brisa sartuko da kostaldean. Tenperatura minimoetan ez da aldaketarik izango.
Astelehenean ere, bero sapa. Hego haizea zakartu egingo da, eta baliteke maximoak bezperan baino gradu bat altuagoak izatea. Urriko ohiko tenperaturak baino 10-12 altuagoak izango dira. Hala, litekeena da hilabete horretan tenperaturari dagokionez ezarrita dauden markak (gehienak 2004an erregistratu ziren) haustea.