Gizartea
Abisu horia
Enbatak 10 gradu jaitsiko du tenperatura kostaldean arratsaldean
EITB Media
13:00ak aldera hasiko da eguraldia aldatzen. Ordu horretan, haizeak ipar-mendebaldera egingo du bat-batean, eta kostalde osoan zehar zabalduko da. Ondorioz, tenperaturak behera egingo du azkar eta haize-bolada bortitzak izango dira. Abisu horia 17:00ak arte egongo da indarrean.
-
Enbata, Ereagako hondartzan (Getxo, Bizkaia). Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du 13:00etan, enbata iritsiko baita kostaldera. Enbatak 8 eta 10 gradu artean jaitsiko du tenperatura, eta 60 kilometro orduko haize-boladak eragingo ditu.
Arratsaldeko ordu bata inguruan hasiko da eguraldia aldatzen. Ordu horretan, haizeak ipar-mendebaldera egingo du bat-batean, eta kostalde osoan zehar zabalduko da. Ondorioz, tenperaturak behera egingo du azkar, eta haize-bolada bortitzak izango dira. Abisu horia 13:00etatik 17:00etara egongo da indarrean.
Ordura arte, baina, giroa eguzkitsua izango da, goi-hodei batzuk agertu arren, eguzkia jaun eta jabe izango baita. Tenperatura maximoak nabarmen igoko dira, batez ere isurialde atlantikoan, eta, oro har, balio altuenak 28 eta 30 ºC artekoak izango dira.
Euskalmetek jakitera eman duenez, hego-ekialdeko haizea ibiliko da goizean, eta harro ibiliko da bereziki ekialdean.
Ostegunean, ildo beretik
Ostegunean, eguraldiak ildo beretik jarraituko du. Eguraldia lasaia eta eguzkitsua izango da berriro. Tenperatura maximoak zertxobait jaits daitezke kostaldetik hurbil, baina balio altuenak 30 ºC ingurukoak izango dira gainerako lekuetan.
Egunsentian, lanbro pixka bat sor daiteke, baina oskarbi egongo da gainerako orduetan. Haizea ahul ibiliko da, hego-haizea nagusituko da goizean, eta isurialde atlantikoan iparraldera egingo du arratsaldean.
Bestalde, ostegunean, beste bi abisu hori ezarriko dira: bata, goizeko hamarretatik arratsaldeko seiak arte nabigaziorako arriskuagatik 2,5 metroko olatuengatik, eta bestea, olatuak izateko arriskuagatik kostaldean. Kasu horretan, larrialdia 16:00etatik 18:00etara egongo da aktibo, itsasgorarekin batera. 2,5 metroko olatuak espero dira.
Ostiralean, tenperaturen jaitsiera
Ostiralean, behe-hodeien tarte hodeitsu batzuk sortuko dira berriro isurialde atlantikoko zenbait lekutan. Hegoaldean ez da horrelakorik izango, giro eguzkitsu eta garbiarekin jarraituko baitute.
Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira, eta jaitsiera nabarmenagoa izango da isurialde atlantikoan; 25 gradutik beherako tenperaturak izango dituzte bertan. Haizea aldakor eta ahul ibiliko da hasieran, baina iparraldekoa nagusituko da eguerditik aurrera.