Itxi

Gizartea

EUSKARA

Euskararen aurkako "oldarraldiaren aurrean" azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzeko deia egin du Kontseiluak

O. A. | EITB Media

Euskararen alde azken urteetan egin den manifestazio jendetsuena izatea nahi dute. Mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Euskalduna Jauregitik eta Bilboko udaletxearen aurrean amaituko da.

  • Euskalgintzaren Kontseiluaren prentsaurrekoa, gaur goizean, Bilbon

    Euskalgintzaren Kontseiluaren prentsaurrekoa, gaur goizean, Bilbon. Argazkia: Kontseilua

Euskalgintzaren Kontseiluak Bilboko kaleak jendez bete nahi ditu azaroaren 4an euskararen aurkako "oldarraldi judiziala" salatzeko, eta bertan parte hartzera deitu dituzte norbanakoak eta gizarte eragileak. Ildo horretan, azken urteetan euskararen alde egin den manifestazio jendetsuena izango dela aurreikusi dute deitzaileek.

Iragan maiatzean, euskararen aurkako "olatu erreakzionario larria" salatzeko azaroaren 4rako manifestazioa iragarri zuen Euskalgintzaren Kontseiluak, eta, gaur, Hizkuntzen Europako egunarekin bat eginez, manifestazioari buruzko xehetasunak eman dituzte Bilbon egin duten prentsaurrekoan.

Azaroaren 4ko manifestazioa 17:00etan abiatuko da Euskalduna Jauregitik eta Bilboko udaletxearen aurrean amaituko da. Halaber, "Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat" leloa aukeratu dute.

Euskararen kontrako azken epaiak gogora ekarri dituzte, Erandioko Udalekoa, Uliazpi Fundazioari buruzkoa, Barakaldokoa, Irungo udaltzainena edo euskara hizkuntza "zailegia" dela argudiatu zuen Laudioko sententzia.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan, oldarraldi judizialaren baitako epaietan euskara segregaziorako, bazterketarako tresna
dela eta bereizketa sortzen duela adierazten badute ere, euskarak gizartea kohesionatu egiten du. "Guk, ordea, sinesten dugu euskarak gure gizartean oso bestelako trakzio indarra duela: euskara gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbesteko osagaia dela", gaineratu du.

"Egoeraren larritasuna" aintzat hartuta, "hizkuntza berdintasunean, justizia sozialean eta bizikidetzan" sinisten duten herritar guztiei balio horien defentsan mobilizatzeko deia egin die.