Gizartea
INDARKERIA matxista
Apaiz bat atxilotu dute Malagan, lau emakume sedatu eta sexu-erasoa egitea egotzita
EITB MEDIA
Bost emakume identifikatu badituzte ere, ikertzaileek ez dute baztertzen biktima gehiago izatea. Atxilotua espetxean dago, eta lau sexu-eraso eta intimitatearen aurkako bost delitu egozten dizkiote.
Polizia Nazionalak 34 urteko apaiz bat atxilotu du Malagan, Velez-Malagan lau emakumeri sexu-erasoa egitea egotzita. Emakumeak sedatu egiten zituen, eta, ondoren, bideoan grabatzen zituen. Bost emakume identifikatu badituzte ere, ikertzaileek ez dute baztertu biktima gehiago izatea. Atxilotua espetxeratu egin dute, lau sexu-eraso eta intimitatearen aurkako bost delitu egotzita.
Ikerketako iturriek adierazi dutenez, atxilotua (2017an egin zuten apaiz) parrokoa izan zen Melillako eliza batean, eta urte hasieran bidali zuten Malagako Elizbarrutira. Behin-behinean preso dago, lau sexu-eraso eta intimitatearen aurkako bost delitu egotzita.
Polizia Nazionalaren Zuzendaritza Nagusiaren arabera, abuztuan hasi zuten ikerketa, apaizaren bikotekidea zela esan zuen emakume batek salatu zuenean disko gogor bat aurkitu zuela etxean, argazki eta bideoekin.
Irudi horietan, erdi-biluzik, lo edo lasaigarriren baten eraginpean zeuden emakume batzuk agertzen ziren, eta gizon batek mota guztietako sexu-praktikak egiten zizkien.
Disko gogor horretako materiala aztertu ondoren, ikertzaileek bost biktima identifikatu dituzte. Emakume horiek adierazi dutenez, ez zekiten grabaziorik zegoenik, ez eta sexu-deliturik jasan zutenik ere.