Gizartea
Astronomia
NASAk asteroide baten laginak ekarriko ditu lehen aldiz Lurrera
Agentziak | EITB Media
Nola lortu zuen Lurrak molekula organiko eta ur likido ugari izatea, bizitzarako funtsezko bi osagai alegia? 'Osiris-Rex' misioa galdera horri erantzuten saiatuko da, molekula organikoetan aberatsa den Bennu asteroidearen konposizioa aztertuz.
-
Kapsula berreskuratzeko taldeko kide bat, landa saiakuntza batean. Argazkia: EFE
Zazpi urteko bidaia espazialaren ondoren, NASAren kapsula bat Utahko basamortuan lurreratuko da igandean, karga baliotsu bat gainean daramala: Bennu asteroidearen harri eta hauts mordoa, duela 4.500 milioi urte eguzki sistemaren eraketari buruzko informazio bakarra eman lezakeena.
Lehen aldia izango da NASAk, Estatu Batuetako espazio agentziak, asteroide baten laginak Lurrera ekartzea lortzen duena. Japoniko Esplorazio Aeroespazialeko Agentziak (JAXA) asteroide hondarrak berreskuratzea lortu zuen 2020an, baina kopuru minimoa izan zen, hauts eta arroken koilarakadatxo bat baino ez.
'Osiris-Rex' izeneko misioak Bennu asteroidearen 250 gramo hondakin biltzea espero du, baina ez da ziur jakingo irailaren 26an kapsula ireki arte, AEBko espazio agentziako zientzialariek prentsaurreko batean azaldu zutenez.
Adituen ustez, Bennuk duela 4.500 milioi urte eguzki sistema sortu zeneko molekulak ditu, eta gizadiari mendetako jakin mina eragin dioten galderei argi egin diezaieke, hala nola bizitzaren eta eguzki sistemaren jatorriari buruzkoak.
Hain zuzen ere, NASAk Bennu aukeratu zuen molekula organikoetan nahiko aberatsa delako eta zientziaren inkognita handienetako bat erantzuten lagun dezakeelako: Nola lortu zuen Lurrak molekula organiko eta ur likido ugari izatea, bizitzarako funtsezko bi osagai alegia?
Zientzialariek uste dute molekula horiek meteoritoetan iritsi zirela gure planetara eta, beraz, Bennuren konposizioa aztertzeak hipotesi hori egiaztatzeko eta zeruko gorputzek bizitzaren jatorrian izan zezaketen zeregina argitzeko balioko diela.