Itxi

Gizartea

Eguraldia

Giroak argitzera eta berotzera egingo du asteburuak aurrera egin ahala

E. G. | EITB MEDIA

Larunbat goizean, hodeiak nagusituko dira zeruan, eta euria ere egin dezake, batez ere kostaldean eta ekitaldian. Arratsaldean, baina, atertu eta eguzkia ikusteko parada izango dugu. Igandean, uda beteko eguraldia espero da.

  • Egunsentia Durangon.

    Iganderako giro eguzkitsu eta beroaz gozatu ahalko dugu. Argazkia: Marivi Gonzalez de Audicana.

Urtaro aldaketarekin batera —udazkena larunbatean hasiko da—, beste traza bat izango du eguraldiak, gaurkoarekin alderatuta. Izan ere, apurka-apurka, eta asteburuak aurrera egin ahala, ezegonkortasuna atzean utziko dugu, eta uda beteko giroa aurreikusi du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iganderako. 

Gaurkoan, zaparradak izango ditugu nagusi, eta eguerditik aurrera, kostaldetik gertu gehienbat, euri-jasak izan litezke. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du Bizkaian eta Gipuzkoan metro koadroko 15 litro pila daitezkeela eta. 

Larunbatean, goizean, giro estali eta euritsuarekin jarraituko dugu ipar partean. Egunak aurrera egin ahala, ordea, argitzera egingo du eta ostarteak zabaltzen joango dira. Lurraldearen hegoaldean, ez dugu euri konturik espero, eta giro eguzkitsua gailenduz joango da goizean bertan. Tenperaturei dagokienez, minimoak freskoak eta zenbait kasutan hotzak ere izango dira: 13 ºC ingurukoak kostaldean, eta 8 ºC-koak barnealdean. Beroenak 20 graduren bueltan errendituko dira. 

Iganderako, baina, uda kutsua hartu du aroak: giro eguzkitsua espero dugu eta tenperaturak gora egingo du. Egunaren hasieran, lainogune batzuk agertuko dira barnealdean, baina gainerakoan, eguzkia izango da egun osoan. Tenperatura minimoak hotzak izango dira, barnealdean batez ere, eta 10 ºC-tik behera gera daitezke bertan. Dena dela, hego-ekialdeko haizearen laguntzaz, tenperaturak gora egingo du, eta beroenak sasoi honetarako beroak izango dira, 25 eta 30 ºC artean ibiliko dira. Arratsaldean, berriz, brisa sartuko da kostaldean.

eitb.eus kontsulta dezakezu une oro eguraldiaren iragarpen gaurkotua, eta zure argazki eta bideoak bidali