Gizartea
A30
Pribatizazioarekin amaitu eta zaintza sistema publikoa aldarrikatzeko greba feministara batzeko deia egin dute
E. G. | EITB Media
Mugimendu feministako ordezkariek bilkurak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan azaroaren 30erako deialdia publiko egiteko. Jendarteari dei egin diote herrietako greba komiteetan parte hartzeko, eta greba egunean, feministekin eta mugimendu sozio-sindikalarekin batera "kalera ateratzeko".
"Pertsona guztiok askatasunez eta konpromisoz zaintzeko eta zainduak izateko eskubidea" dugula aldarrikatzeko azaroaren 30ean greba feminista orokorra deitua du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta hitzordurako bi hilabete eskas geratzen direla eta, mobilizazioarekin bat egiteko deia egin dute gaur feministek.
"Pribatizazioarekin eta merkantilizazioarekin behingoz amaitzea", eta "zaintza sistema publiko eta duina "galdegitea izango dituzte aldarri nagusi, azaldu dutenez.
Feministek bilkurak egin dituzte gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, eta elkarretaratzeotan grebarako "arrazoi zerrenda luzea" gogorarazi dute. Horren ildoan, herrietan sortuta dauden greba komiteetan parte hartzeko eskatu diote jendarteari, eta greba feminista orokorraren egunean, "mugimendu feministarekin eta sozio-sindikalarekin batera kalera ateratzeko".
Elkarretaratzeotan irakurri duten adierazpenean iragarri dutenez, urriaren 7an grebarako izenpetu dute "herri akordioa" aurkeztuko dute. "Jauzi politikoa egin nahi dugu. Nork, nola eta zergatik zaintzen duen eztabaida erdigunera ekarrita. Zaintza lanak aitortu eta banatu behar dira, eta horretarako, langileen baldintza justuak lehentasunez finkatu", azpimarratu dute.
Herritarrei mobilizatzeko deia egiteaz gain, "egun bizi dugun egoeraren erantzule diren instituzioak eta zaintza lanekin negozio egiten duten enpresak" interpelatu nahi izan dituzte, baita gizonak ere. "Dagokien ardura hartu eta prozesu honetara batu daitezen" galdegin diete.
Salatu dutenez, "zaintza lanak emakumeengan, eta geroz eta gehiago, emakume migratu eta arrazaliziatuegan jartzen dira, baldintza eta esplotazio egoera muturrekoetan". Adineko egoitzen egoera ere aipatu dute, "gero eta pribatizatuago" daudenak.
"Sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gainditu, eta guztion bizitzak erdigunean jarriko duen euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa definitzera goaz", aldarrikatu dute amaitzeko.