Gizartea
HIZKUNTZA KOOFIZIALAK
EAJk eta EH Bilduk gogor kritikatu dute EBn euskararen eta galegoaren aurretik katalana lehenestea
EITB MEDIA
Espainiako Gobernuak iragarri du Europar Batasunean katalanaren ofizialtasuna lehenetsiko duela euskararen eta galegoaren aurretik, "prozesua arintze aldera". Erabakia ez dute begi onez hartu euskal alderdi abertzaleek.
-
José Manuel Albares, hoy, en Bruselas. Foto: EFE
Jardunean dagoen Espainiako Gobernuak gaur jakinarazi du Europar Batasunean katalanaren ofizialtasuna lehenetsiko duela, eta ondoren ekingo diola euskararen eta galegoaren ofizialtasuna eskatzeko prozedurari. Jose Manuel Albares Espaniako Atzerri Gaietako jarduneko ministroak eman du berria, Bruselan gaia lantzeko gaur egin den batzarren ondoren.
Albaresek ziurtatu du erabaki honekin ez dituztela "inolaz ere" euskara eta galegoa baztertzen. Bere hitzetan, hainbat estatu kidek "kezka" agertu dute "hiru hizkuntza aldi berean" ofizial egiteak eragin ditzakeen kostu ekonomiko zein administratiboengatik. Horregatik, "prozesua arintze aldera", aurrena katalanaren ofizialtasuna lortzeko bidea abiatzea erabaki dute, hizkuntza horren ordezkariak izan direlako "behin eta berriz" eskatu dutenak euren hizkuntza Europan ofizial egitea. Eman duen beste arrazoietako bat hiztun kopurua izan da. Euskararekin eta galegoarekin alderatuta, katalanak hiztun askoz gehiago dituela adierazi du, 10 milioi inguru.
Erabakia ez dute begi onez hartu euskal alderdi abertzaleek, eta EAJk eta EH Bilduk atzerapausorik ez emateko eskatu diote Espainiako Gobernuari.
Bere aldetik, Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak "etsigarritzat" jo du erabakia. "Ez dakit inbestiduran eragin negatiboa izango duen, baina, jakina, ez du batere lagunduko", azpimarratu du.
Buruzagi jeltzaren arabera, "albiste txarra da" eta "Euskadin ez da ulertzen"; izan ere, "hizkuntza baten erabilera, sustapena eta babesa ez da hiztunen kopuruan oinarritzen edo ez litzateke zertan oinarritu behar, ingelesarekin eta txinerarekin horrela balitz, gainerako guztiak soberan egongo liratekeelako".
Ildo berean mintzatu da Pernando Barrena EH Bilduren europarlamentaria. Horren iritzian, "Espainiako Gobernuak taktizismora jokatu du gaur Bruselan, katalana beste hizkuntzen aurretik jarrita.
Halaber, Barrenak azaldu du "hizkuntza baten tamaina, hiztun kopurua, aitzakia baino ez dela". "Gaur egun, euskara baino hiztun gutxiago dituzte hiru hizkuntza ofizial daude: maltera, gaelikoa eta luxenburgera", gehitu du.