Gizartea
Iragarpena
Hainbat abisu ezarri dituzte Euskal Herrian igande honetarako, euriteengatik
I.L.K. | EITB Media
Meteorologia zerbitzuek abisu horiak ezarri dituzte Euskadin eta Nafarroan, baita Iparraldean ere. Gainera, azken horren kasuan alerta laranja ere sartuko da indarrean 16:00etan.
-
Udazken giroa Urbasako basoan, gaur goizean. Argazkia: Flickr
Meteorologia zerbitzuek hainbat abisu eta alerta ezarri dituzte igande honetarako Euskal Herrian, prezipitazio handiengatik. Izan ere, larunbateko ildoari jarraiki, ekaitza ere ekar lezakete.
Alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du, arratsaldeko ordu bietatik aurrera Euskadin prezipitazio handiak egon daitezkeelako.
Hala, 14:00etatik 22:00etara metro karratuko 15 litro (l/m²) baino gehiago pila daitezke ordubetean.
Zaparrada ertainak eta trumoitsuak espero dira. Han hemenka handiak izan daitezke, eta txingorra ere bota dezake (1-3 cm), batez ere ekialdean. Gainera, ekaitz guneetan haize boladak oso gogorrak izango dira (60-80 km/h).
Nafarroaren kasuan, Aemetek abisu horia ezarri du erdialdean eta Pirinioetan.
Kasu horretan ere, ordubetean 15l/m² pilatzea espero da.
Gainera, Ipar Euskal Herrian, Meteo Francek ezarri duenez, abisu horia 14:00etan sartuko da indarrean, eta alerta laranja, berriz, 16:00etan.
Iragarpena
Igande honetako bigarren zatian, atzoko prezipitazio trumoitsuak espero dira zenbait tokitan, baina, larunbat honetan Bizkaia urpetu bazuten ere, gaur Gipuzkoan eta Nafarroan izango dira nagusi.
Hegoaldeko haizea bizi samar ibiliko da eta tenperatura ia ez da aldatuko.
Astelehenean goiz eguzkitsua espero dugu, oro har, eta arratsalderako aldaketa. Tenperatura gradu pare bat jaitsiko da eta maximoak 23-25 ºC-ren bueltan geratuko dira.
Arratsaldean hodeiak ugarituko dira, eta han hemenka eta tarteka zaparradak botako ditu, batez ere ipar partean.
Asteartekoa egun lasaia izango da, leku askotan eguzkitsua, eta kantauri isurialdean behe hodeiak tartekatuko dira.
Tenperatura maximoetan aldaketa gutxi espero dira, baina minimoek behera egingo dute. Haizea ahul ibiliko da, eta eguerdi partean brisa sartuko da.