Itxi

Gizartea

Indarkeria matxista

Fiskaltzak ere Gorenera joko du La Manadaren zigortutakoari egindako kondena murrizketaren kontra

Agentziak | EITB Media

Horrenbestez, auziko akusazio guztiek egingo dute murrizketaren kontra. Nafarroako Auzitegi Nagusiak urtebetean jaitsi zion kondena Angel Bozari, "Bakarrik bai da bai" legea aplikatuta. Epaiak boto partikular bat izan zuen, "gertakarien larritasuna" kontuan hartu behar zela argudiatuta.

  • Auzitegi Gorenaren fatxada.

    Fiskaltzak ere Auzitegi Gorenera joko du. Argazkia: EFE

Fiskaltzak iragarri duenez, helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean Nafarroako Auzitegi Nagusiak La Manadaren zigortutako bati egindako kondena murrizketa dela eta. "Bakarrik bai da bai" legea aplikatuta, Angel Boza 2016ko sanferminetan taldean egindako sexu erasoaren zigortutakoari urtebete murriztu zion kondena Nafarroako Auzitegiak asteartean. 

Ministerio publikoko iturrien arabera, Nafarroako Fiskaltzak egin du iragarpena, baina Goreneko fiskalak du azken hitza. Dena dela, egintzat ematen da helegitea. 

Aurrez, auziko herri akusazioek (Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak) eta biktimak berak iragarri dute errekurtsoa. 

Gorenak ekainean ezarri zuen jurisprudentzia, murrizketen alde eginda. Fiskaltzak Zigor Kodearen bosgarren xedapen iragankorra aplikatzea defendatzen zuen, eta hala, sexu delituengatik zigortutakoen kondenak ez berrikustea babesten zuen, baldin eta delitu horiek "Bakarrik bai da bai" legean indarrean jarraitzen bazuten. Printzipio horren kontra egin zuen, ordea, Gorenak.