Itxi

Gizartea

Cyberzaintza

EAEko Zibersegurtasun Agentzia berria abiatzeko bilera egin dute

EITB Media

Administrazio Kontseilua lehenbiziko aldiz elkartu da Arabako Parke Teknologikoan (Miñaon) kokatuko den Agentzia berri honen jarduerari hasiera emateko. Agentzia zuzenduko duen pertsona ez dute oraingoz izendatu.

  • Artxiboko irudia.

    Artxiboko irudia.

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru zela, eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Industria eta Ingurumeneko sailburua ere bertan zela, egin dute gaur goizean Cyberzaintza, Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia berria, sortzeko bilera.

Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez, Interneten eta teknologia berrien erabileraren ondorio diren mehatxuei modu integralean eta zeharkakotasunez aurre egiteko sortu da.

Administrazio Kontseilua lehenbiziko aldiz elkartu da Arabako Parke Teknologikoan (Miñaon) kokatuko den Agentzia berri honen jarduerari hasiera emateko. Agentzia, zehazki, Basque Cybersecurity Centreren egoitzan kokatuko da.

Cyberzaintzaren gobernu-organoko kideak Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako eta udaletako ordezkariak izango dira. Kontseilu honen lehenengo eginkizunetako bat  legezko oinarriak eta oinarri operatiboak ezartzen dituzten eta agentziaren helburuak, eginkizunak eta egiturak zehazten dituzten estatutuei oniritzia ematea da. Estatutuok laster aurkeztuko dituzte Gobernu Kontseiluan, honek onar ditzan.

Agentzia berriak hiru arlotan jardungo du: ziberdelituak; azpiegitura eta datu publikoen babesa; eta enpresa egituren eta datuen babesa.

Besteak beste, hauek dira Agentziaren zeregin nagusietako batzuk: ziberintzidentziak eta zibererasoak ikertu eta aztertzea; antzematea eta horiei erantzutea, horretarako irizpideak finkatuta eta babes-neurri egokiak sustatuta zibermehatxuei aurre egiteko eta zerbitzu publiko kritikoak eta funtsezkoak identifikatu eta zaintzea, horien ziberbabeserako neurri egokiak proposatzeko.

Esan bezala, gaurtik aurrera, Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, estatutuak onartu beharko ditu eta agentzia zuzenduko duen pertsona eta Aholku Kontseilua izendatu beharko ditu.

Gaurko bilera 2023ko lehenengo seihilekoko datuen analisiarekin amaitu da. Euskadin salatzen diren lau delitutatik bat teknologia berrien bidez egiten da. Denbora horretan, konkretuki, 12.878 ziberdelitu erregistratu dira, iazko aldi berean baino % 31 gehiago. Horietako gehien-gehienak, orain arte bezala, ziberiruzurrak izan dira, eta ziberdelitu guztien % 89 dira.