Itxi

Gizartea

Eguraldia

Euriteengatik abisu horia ezarri dute, zaparrada handiak eta txingorra egin baititzake

EITB Media

Jaurlaritzak eguneratu egin du muturreko eguraldiagatik ezarritako abisua, eta eguerditik gauerdira egongo da indarrean EAEn. Nafarroak eta Ipar Euskal Herriak abisupean jarraituko dute euriteengatik eta ekaitzengatik.

0:42
Ekaitza. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Prezipitazioak eta ekaitzak protagonista izango dira gaur berriro, eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Nafarroan Ipar Euskal Herrian abisu horiak ezarri dituzte. Atzokoan, baina, denboraleak gogor astindu zuen Bizkaia eta Gipuzkoa, eta Arratian (Igorren eta Diman, besteak beste) eta Durangaldean atzoko txingor ekaitzak utzitako kalteak zenbatzeko eguna da.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du prezipitazio handien arriskuagatik (12:00-00:00). Izan ere, Euskalmeten iragarpenaren arabera, ordubetean 15 litro baino gehiago pila daitezke metro koadroko. Zaparrada ertain eta trumoitsuak bota ditzake Kantauri isurialdean (Bizkaia eta Gipuzkoa), zenbait lekutan handiak izan daitezke, batez ere kostaldean. Bihar goizaldean eta goizean goiz, Kantauri isurialdeko guneren batean zaparrada handi eta trumoitsuak bota ditzake. 

Mediterraneo isurialdean ere euri-jasak espero dira, batez ere Ebro ondoko eskualdean (Arabako Errioxa) eta 13:00-20:00 tartean. Ekaitza eta txingorra (1-2 cm) egin dezake bertan. 

Aemet Espainiako meteorologia agentziak abisu horia ezarri du Nafarroa osoan prezipitazio handiak eta ekaitzak espero baitira. Iragarpenaren arabera, metro koadroko 20 litro pila daitezke. Abisuak 15:00etan aktibatuko dituzte, eta gauerdira arte egongo dira indarrean Nafarroako iparraldean eta erdialdean, eta 20:00ak arte gainerakoan. 

Ipar Euskal Herrian ere, ekaitzak espero dira, eta, hori dela eta, Meteofrancek abisu horia ezarri du 06:00etatik 00:00etara. 

Euskalmeten iragarpenaren arabera, giro ezegonkor eta freskoa izango dugu gaur nagusi, mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haizeak tenperaturak jaitsaraziko baititu. Hortaz, 25 ºC-tik behera kokatuko dira maximoak. 

Arratia eta Durangaldea, kaltetuenak

Euria gogotik egin zuen atzo Bizkaian eta Gipuzkoan, eta txingorra bota zuen (6 zentimetrorainoko harriak) Igorren, Diman eta Artean (Arratia). Emakume bat zauritu zen kazkabarrak buruan jota, eta kalte material ugari eragin zituen etxebizitza, enpresa eta ibilgailuetan. Igorreko Udala Bizkaiko Foru Aldundiarekin jarri da harremanetan kalteak zenbatu eta laguntzak bideratzeko.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Olatz Urkiza Igorreko alkateak esan du atzoko arratsaldea "oso gogorra" izan zela. Horren hitzetan, zauritutako emakumea "ondo" dago, eta badirudi "sustoa" baino ez dela izan. Etxebizitza, lantegi eta ibilgailuetan izandako kalte materialei dagokienez, kaltedunak aseguru-etxeekin harremanetan jarri behar direla zehaztu du. Printzipioz, udal instalazioek ez dute kalterik jasan. 

Horrela egin zuen txingorra Urbieta futbol zelaian (Igorre): 


Durangaldea ere gogor kolpatu zuen txingor ekaitzak, eta Durangon bertan eta Iurretan irudi ikusgarriak ikusi ziren. 

Gipuzkoan, Debabarrena izan zen kolpatuena, eta euriteak izan ziren Eibarren, Elgoibarren eta Mutrikun. Azken horretan, traganarrua izan zen: 



Euskalmet meteorologia agentziak dituen estazioetan, Aixolan (Elorrio) erdietsi zuten marka: ordubetean 43,7 litro pilatu ziren metro koadroko. Aretan (Orozko) 39 litro bildu zituzten, eta 38,3 eta 35,1 litro, hurrenez hurren, Iruzubietan (Ziortza-Bolibar) eta Berriatuan.