Gizartea
Rubiales auzia
Auzitegi Nazionalak onartu egin du Fiskaltzak Rubialesen aurka aurkeztutako kereila
Agentziak | EITB Media
Epaileak lehen izapideak egin ditu jada. Adibidez, RFEFko presidente ohiak Jenni Hermosori haren baimenik gabe emandako musuaren eta ondoren uneen bideoak eskatu ditu.
-
Luis Rubiales, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Luis Rubiales jada Espainiako Futbol Federazioko presidente ohi denaren kontra Fiskaltzak aurkeztutako kereila tramitera onartu du Francisco de Jorge Auzitegi Nagusiko epaileak. Jenni Hermoso futbol jokalariari Sydneyko Munduko Txapelketako finalaren ostean haren baimenik gabe eman zion musua dela eta, sexu-eraso eta derrigortze delituak egotzita aurkeztu zuen kereila Ministerio Publikoak Rubialesen aurka, joan den ostiralean.
De Jorgek gaur kaleratu duen autoan, aurretiazko eginbideak abiarazi ditu eta, besteak beste, Rubialesi kereilaren berri ematea agindu du, leporatzen zaizkionak jakin ditzan eta bere defentsa eskubidea erabiltzeko aukera izan dezan.
Kereila tramitera onartzerearekin batera, ikerketarako material grafikoa eskatu du autoan epaileak, bideoak, bereziki. Hala, RTVE hedabideari Rubialesek Hermosori musua eman zioneko unea "angulu guztietatik" erakusten duten bideoak eskatu dizkio, eta baita, erasoaren ondoren aldageletan izandako ospakizuna jasotzen dutenak ere. Halaber, El Pais, AS eta La Vanguardia komunikabideei ere eskatu dizkie edukiak, musuaren unearena zein ondoren ospakizunena.
Rubialesek Espainiako Futbol Federazioko presidente kargua utzi egingo duela iragarri zuen atzo. "Gaur, 21:30ean, Espainiako Futbol Federazioko presidente karguari uko egingo diodala jakinarazi diot Pedro Rocha jarduneko presidente jaunari. Halaber, jakinarazi diot gauza bera egin dudala UEFAn dudan karguarekin, Presidenteordetzan dudan postua ordezkatu ahal izateko", adierazi du X sareko kontuan.
Federazioko presidente ohiak adierazi zuenez, FIFAk 90 egunez behin-behinean kargutik kendu eta haren aurka prozedurak ireki dituela ikusita, "argi dago" ezin izango dela bere kargura itzuli, eta, beraz, "tematzeak" eta karguari eusteak ez dio "ezer positiborik" ekarriko, ez Espainiako Futbol Federazioari berari, ez Espainiako futbolari.