Gizartea
ERASOAK
Bost eraso matxista eta bi eraso homofobo salatu dituzte Lekeitioko jaietan
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Erasoak salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur, 20:00etan, Abadeen moilan, "Erasorik ez erantzunik gabe!" lelopean, txosnen batzordeak deituta. Mugimendu Feministak eta Udalak bat egin dute protesta-bilkurarekin.
-
Lekeitioko Antzar Eguna, astelehenean. Argazkia: EFE
Bost eraso matxista eta bi eraso homofobo salatu zituzten Lekeitioko jaietan. Horietako sei Antzar Egunean gertatu ziren, irailaren 5ean, eta bestea, Bajada Egunean, irailaren 1ean. Udalak gaur kaleratu duen adierazpen instituzionalean, gogor gaitzetsi ditu erasook, eta babes eta laguntza osoa eskaini die biktimei.
Udal-taldeen hitzetan, "askatasunean, libre" bizi nahi duen herria nahi dute lekeitiarrek, eta, adierazpenaren arabera, "gure esku dagoen guztia egingo dugu izurrite honi aurre egiteko". Nolanahi ere, "erakundeen lanaz harago, behar-beharrezkoa da jendarte osoaren inplikazioa. Kontzientziak astindu ditzagun, onartezinak diren jarrerak baztertu, eta herritarron arteko sareak sustatu", dio hitzez hitz adierazpenak.
Hala, "erasoren bat ikusiz gero, jarrera aktiboa hartzeko" eta "erasotzaileen konplize" ez izateko ere eskatu die Udalak herritarrei. Ildo horretan, "erasorik gabeko herri aske eta feminista batera bidean politika eraginkorrak garatzeko" konpromisoa agertu dute bertan.
Erasoak salatzeko, elkarretaratzea egin da gaur 20:00etan, Abadeen moilan, "Erasorik ez erantzunik gabe!" lelopean, txosnen batzordeak deituta. Mugimendu Feministak eta Udalak bat egin dute protesta-bilkurarekin.