Gizartea
SENTENTZIA
39 eta 29 urteko espetxe-zigorra, zaintzapean zeuden hiru adin txikiko prostituziora bultzatzeagatik Nafarroan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gizonezko bat eta emakumezko bat dira zigortutakoak. Halaber, prostituitzera behartuta zeuden adin txikikoen bezero izateagatik epaitu dituzten bi gizon absolbitu egin dituzte epaileek. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak 15na urteko kartzela-zigorra eskatu zuen horientzat.
-
Nafarroako Justizia Auzitegia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media
39 eta 29 urteko espetxe-zigorra ezarri die gizonezko bati eta emakumezko bati, hurrenez hurren, Nafarroako Lurralde Auzitegiak, Foru Gobernuaren zaintzapean zeuden adin txikiko hiru neska prostituitzera bultzatzeagatik.
Gaur kaleratu den sententzian, halaber, auzi berean epaitu dituzten bi gizon absolbitu egin dituzte Arlo Zibileko eta Zigor Arloko magistratuek. Prostituitzera behartuta zeuden hiru nesken bezero izatea leporatu zieten, eta Fiskaltzak eta akusazio partikularrak 15na urteko kartzela-zigorra eskatu zuten horientzat. Hirugarren bezero batek, berriz, epaiketaren hasieran, uztailean, onartu egin zituen egotzitako guztiak, eta horren abokatuak bi urteko espetxe-zigorra adostu zuen magistratuekin.
2021eko irailean gertatu ziren delituak. Orduan, biktimetako bik 13 urte zituzten eta hirugarrenak 16. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren zaintzapean zeuden hirurak. Ebazpenak dioenez, neska horiek zentrotik ihes egiten zutenean, Iruñeko etxebizitza batera joaten ziren. Han, gizonezko batek (39 urteko zigorra jaso du) sexu-harremanak izan zituen hainbatetan adin txikikoekin. Horrez gainera, hark eta emakume batek (29 urteko zigorra jaso du) "sexu edukia zuten argazkiak" egitera behartzen zituzten biktimak, eta aurpegia ez erakusteko eskatzen zieten, adin txikikoak zirela ikus ez zedin.
Ondoren, irudi horiek sexu-harremanetarako web-orri batean argitaratu zituzten, nesken telefono-zenbakia jarrita. Gutxienez, 17 iragarki zabaldu zituzten sarean, eta irailaren 23tik 29ra bitartean sexu-harremanak izan zituzten zenbait bezerorekin. Eskudirutan edota Bizum aplikazioaren bidez jasotzen zuten dirua. Zigortu dituzten bi pertsonek, gainera, haxixa, kokaina eta speeda ematen zizkieten neskei.