Gizartea
GIPUZKOA
Kartzelara bidali dute Urretxun, jabeak lo zirela, etxe barrura lapurtzera sartu zen gizon bat
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Larunbat goizean, bere logelako armairuan begira ari zela harrapatu zuen etxejabeak lapurra. Ihes egitea lortu zuen, baina handik gutxira atxilotu zuen Ertzaintzak.
31 urteko gizonezko bat kartzelara bidali du epaileak Urretxuko etxebizitza batean lapurreta egiteagatik. Etxejabeak barruan lotan zirela sartu zen etxera, eta 'in fraganti' harrapatu zuen jabeak.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, larunbat goizeko 08:15 aldera, bere logelako armairuan begira ari zela harrapatu zuen etxejabeak lapurra. Azken honek ihes egitea lortu zuen, eta etxejabeak Ertzaintzari deitu zion.
Patruila iristean, gizon bat fatxadako andamiotik jaisten ari zela ikusi zuten agenteek. Geldiarazi ondoren, biktimaren bitxiak, dirua, txartela eta beste hainbat objektu atzeman zizkioten. Etxebizitzako pertsiana eta leihoa indarrez irekita zeudela ere ikusi zuten ertzainek.
Atxilotu eta ertzain-etxera eraman zuten, eta gaur igaro da Bergarako epailearen aurretik. Honek espetxeratzeko agindua eman du.